Otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurren ospakizuna dela eta; Saharar istiluen inguruan gertatutakoak aztertuta; eta dagoeneko hiru hamarkadaz luzatu den istiluak irtenbide baketsua eta behin betikoa- determinazio librerako eskubidetik doana- behar duela aintzat hartuta, honako ADIERAZPEN hau aurkezten du:
BERRETSI egin nahi du saharar herriak askatasunaren eta autodeterminazioaren alde duen borrokaren aldeko konpromisoa. Saharar herriak, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen eta nazioarteko hainbat erakunderen ebazpenetan ageri denez, bere etorkizuna erabakitzeko ezin kenduzko eskubidea du; izan ere, lurralde hori kolonizazio prozesu baten menpe egon da, eta arazo hori oraindik ere ez da konpondu.
ZORIONDU egin nahi du Fronte Polisarioa —saharar herriaren legezko ordezkari bakarra— Baker II Planaren bidez (Mendebaldeko Saharako Herriaren Autodeterminaziorako Bake Plana) irtenbide bidezkoa, baketsua, demokratikoa eta egonkorra lortzearen aldeko konpromisoa hartu duelako. Plan horri esker, Magrebeko eskualdean bakea eta egonkortasun politikoa lortzeko itxaropen berriak sortu dira, baita herritarrentzat ongizate maila handiagoa lortzeko aukera ere, herritarrak baitira, azken finean, gatazkaren ondorioak jasaten ari direnak.
ESKATU nahi die Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, eta bereziki erakunde horren idazkari nagusi Kofi Annani, bai eta Mendebaldeko Sahararako mandatari berezi Peter van Walsuni, Europako Batasunari eta bertako gobernuei ere: eskuan dituzten baliabide demokratiko guztiak baliatuz, Marokoko Gobernuari behar den adina presio egin diezaiotela Mendebaldeko Saharako Herriaren Autodeterminaziorako Bake Plana onar dezan, Fronte Polisarioak egin duen bezala, gatazkaren irtenbide baketsua eta behin betikoa lortzeko. Plan horren oinarria saharar herriak bere autodeterminaziorako eskubidea erabiltzea da, erreferendum askea, demokratikoa eta gardena deitu eta eginez.
ESKATZEN dio Espainiako Gobernuari—Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuan erantzukizun historikoak eta juridikoak dituenez gero, bai eta nazioarteko harremanetan indar handia ere— lan eraginkorragoa egin dezala, NBEren eta EBren baitan, saharar gatazkarentzat irtenbide azkarra, bidezkoa eta iraunkorra lortzeko.
SALATU nahi du Marokok hartutako lurraldeetan saharar biztanleen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak behin eta berriz urratzen direla. Saharar preso politiko eta gerra preso guztiak berehala askatzeko eskatzen du, baita gaur egun desagertuta dauden pertsonak non dauden argitzeko ere.
ZORIONDU egin nahi ditu Saharar preso politikoak, eta aintzakotzat hartu nahi dugu Mendebaldeko Saharako herritarren giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen alde egindako borrokaren balioa.
ESKAERA hau egiten die errefuxiatuen bizi baldintzak babesten diharduten nazioarteko erakundeei (ACNUR, PAM): beharrezko ahalegin guztiak berehala egin ditzatela, aitzakiarik gabe, Tindufeko saharar kanpamenduan bizi diren errefuxiatu guztien bizi baldintza duinak bermatzeko. Horren haritik, ECHO laguntza humanitariorako europar bulegoari berariazko deia egin nahi dio, saharar herriaren aldeko lankidetza programak etengabe areagotu ditzan.
Era berean, eta berriz ere, Europako gobernuei, eta bereziki Espainiako Gobernuari eta autonomia-erkidegoetakoei, funts bereziak bideratzeko eskatzen die, errefuxiatu sahararrak jasaten ari diren elikagai krisi izugarriari aurre egiteko. Erakunde batzuek laguntzak ematen dituzte aldiro-aldiro, baina orain eskatzen dituen funtsak ez dira diru-laguntza horietatik atera behar.
ESKAERA egiten die nazioarteko erakunde eskudunei, NBEko Segurtasun Kontseiluari eta Europako estatuetako gobernuei ezen eska diezaietela Marokoko Gobernuari eta tartean egon daitezkeen enpresei Saharako Mendebaldeko baliabide naturalak bidegabeki miatzeari eta ustiatzeari uzteko. Izan ere, saharar herria da baliabide horien jabe bakarra, eta hari dagokio baliabide horien kontrola.
Adierazpen hau bidaliko zaie NBEko Idazkari Orokorra den Kofi Annan-i; Nazio Batuetako Presidenteari; Europar Parlamentuko Presidenteari; Espainiako Gobernuko Presidenteari; SEAD-aren Gobernuko Presidenteari; Nafarroan SEADk duen ordezkariari eta, era berean, Estatu Espainolean duenari.
Jatorria: Eusko Alkartasuna