Ricardo Burutaran zinegotziak azpikontratazioak kontrolatzeko eta baimentzeko sistema bat aplikatzeko proposatuko du Azpikontratazioen Kontrolerako eta Jarraipenerako Batzorde Berezian
Donostiako Udalak udal zerbitzuen eta lanen esleipen-prozesuan parte hartzeko baldintza teknikoak eta administratiboak ezartzen ditu eta, praktikak agerian utzi duenez, esleipen askotan lehiaketa irabazten duen enpresak hainbat lan eta zerbitzu azpikontratatzen ditu.
Erakunde publikoa izanik, Udalak eredugarria izan behar du gizarte osoarentzat bere jarduera burutzeko baldintzei dagokienean, besteak beste, udal zerbitzuak eta lanak esleitzeko orduan eta kontrataturiko lan-baldintzak kontuan hartuz. Gizarte-erreferente izan dadin, Udalak hiru helburu lortu behar ditu: enpleguaren kalitatea, Lan Arriskuei Aurre Egiteko Legearen betetzea eta formakuntza teknikoa.
Donostiako Udalak eta bere Erakunde Autonomoek sustaturiko proiektuetan ari diren langileen segurtasun eta lan baldintzak salatu ditu sindikatu batek azken asteotan; Udalak oso erantzukizun handia du gai honetan eta proiektu bakoitzean hasiera-hasieratik, prozesu osoan zehar, garapen osoa kontrolpean izan behar du. Gaur egun, ordea, azpikontratazioen gaineko Udalaren kontrola ez da behar bezalakoa.
Hiriaren egoerari buruzko eztabaidan EAk krisiaren kontrako 22 neurri aurkeztu zituen eta proposamen horiei jarraituz zenbait baldintza planteatzen ditu orain esleipen-prozesuei begira. Lehenik, lanpostu finko gehiago dituzten enpresei lehentasuna ematea; bigarrenik, ingurumen-irizpideak errespetatzen dituztenei eta, hirugarrenik, lan-arriskuei aurre egiteko araudia betetzen dituztenei.
Obren eta zerbitzuen esleipena egin eta gero, Udalak horien gaineko kontrolari eutsi behar dio, obra eta zerbitzu horien ardura berari dagokiolako. Beraz, neurriak hartu eta mekanismoak ezarri behar ditu etengabeko jarraipen egokia egiteko eta azpikontratazioak kontrolatzeko eta baimentzeko.
Hori dela eta, Eusko Alkartasunak proposamen hauek aurkeztuko ditu Azpikontratazioen Kontrolerako eta Jarraipenerako Batzorde Berezian, bai eta Udalaren webgunean atal berri bat ireki dadila ere, hiritarrek jakin dezaten obra bakoitzean zein den esleipena lortu duen enpresa eta zeintzuk diren baimendutako azpikontratazioak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna