JUANJO AGIRREZABALA Agirrezabalak proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, espainiar espetxeetan dauden presoek UPV-EHUn ikasteko duten eskubidearen alde. “Konstituzionalak zalantzan jarri du Espetxe Zuzendaritzarekiko hitzarmena ezinbesteko baldintza bihurtu zuen lege aldaketa”, ohartarazi du.

Juanjo Agirrezabalak pozik hartu du ikasle presoak matrikulatzeko UPV-EHUren protokoloari buruzko Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, protokolo hori bertan behera utzi zuen Gorenaren ebazpena baliogabetu duelako. EAko legebiltzarkidearen iritziz, “Konstituzionalak arrazoi eman dio UPV-EHUri eta, baita ere, Eusko Alkartasunari eta euskal unibertsitate publikoan ikasteko euskal presoen eskubidea aldarrikatu duten guztiei”.

Horren ildotik, Agirrezabalak legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur goizean Legebiltzarrean; horren bidez hitzarmen bat lehenbailehen sinatzeko eskatu die UPV-EHUri eta Espetxe Zuzendaritzari, 2012-2013 ikasturtetik aurrera espainiar Estatuko presoek ere UPV-EHUn matrikulatzeko aukera izan dezaten. Bigarrenik, EAren ekimenak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ardurari heltzen dio, eta hitzarmen hori ahalbidetzeko gestioak egin ditzala eskatzen dio.

Espetxe Zuzendaritzarekiko akordioa ezinbesteko baldintza da, euskal presoek UPV-EHUn ikasi ahal izateko, 2003ko lege aldaketaren ondorioz, baina Konstituzionalak zalantzan jarri du erreforma hura, unibertsitate autonomia murriztu egiten duelako. Beraz, PPk irizpide hori aintzat hartzea espero du Agirrezabalak, “eta UPV-EHUn matrikulatzeko euskal presoen eskubidea onar dezala”. Bere iritziz, “ez du batere zentzurik Parisen dagoen preso batek UPV-EHUn ikasi ahal izateak eta espainiar kartzela batean dagoenak ez; bidegabekeria hori zuzentzea aurrrapauso garrantzitsua litzateke Euskal Herrian normalizazio politikoa eta soziala lortzeko bidean”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA