Helburua normalizazio politikoa eta, bide politikoei eta baketsuei jarraituz, bakea lortzea da
Eusko Alkartasunako Batzar Nagusia ostegunean bildu zen Gasteizen eta ebazpen-proposamen bat onartu zuen bertan “subiranotasun independentistaren aldeko indar politikoen, sozialen eta sindikalen batasunaren alde”. Batasun horren helburua “eremu sozio-politiko bat eraikitzea” izango da “normalizazio politikoari erantzuna emateko eta, bide politikoei eta baketsuei jarraituz, Euskal Herrira bakea ekartzeko”.
Batzar Nagusiak alderdi espainolisten (PSOE, PP, UPN, UPyD) xedea mugimendu subiranista alboratzea dela adierazi zuen eta horretarako “euskal izaera duen guztia ETA den gezurra” erabiltzen dute. Horrela, behin baino gehiagotan eskatu diguten bezala, geuk geure helburu politikoei uko egitea nahi dute, Eusko Alkartasunaren izaerari berari zentzua ematen dioten helburu zilegiei, hain zuzen ere, Euskal Herriaren independentzia, esaterako.
Argi dago Madrilen eta Parisen inoiz ez ditugula abertzale bezala ditugun nahiak lortuko, beraientzat Estatu barruko lurralde bat baino ez garelako eta, beraz, lurralde bati dagozkion eskubideak bakarrik aitortuko dizkigute.
Frantziar Estatua politika zentralistak areagotzen ari da euskal errealitatea pixkanaka desagertarazteko eta hain gogor jotzen ari da Ipar Euskal Herriak departamentu propioa izan ez dezan, ezen PSFko hainbat ordezkarik ere kontra egin dioten.
Espainiar Estatuan estrategia bestelakoa da. Lizarra-Garaziko Akordioaren ostean Gernikako Estatutua gainditzearen aldeko gehiengo sozial bat zegoela ohartu ziren eta Estatuko argi gorriak piztu ziren. Horrela, 2001ean Ajuria Enea lortzeko saiakeran porrot egin eta gero, joko arauak aldatu eta Alderdien Legea onartu zuten. Hori eta ETAk ematen dizkien argudioak baliatuz, euskal gizartearen zati bat Eusko Legebiltzarretik kanpo uztea lortu zuten, gehiengo artifizial bat sortzeko eta euskal erakundeen kontrola erdiesteko.
Estatuaren eta alderdi espainolisten estrategia argi eta garbi dago: ‘statu quo’ delakoari eustea eta horrela normalizazio politikoan eman daitezkeen aurrerapausoak galaraztea. Horregatik, etorkizunari begira Eusko Alkartasunak egiten duen apustuak egungo markoa gainditzearen alde egingo duen gehiengo abertzalea lortzea izan behar du eta horretarako ahalegin guztiak egingo ditu indar abertzale guztiek eta autodeterminazio eskubidea onartzen duten ezkerreko indar guztiek bat egin dezaten demokrazian eta subiranotasunean sakonduko duen esparru politiko berri batean.
Jatorria: Eusko Alkartasuna