Eusko Jaurlaritzaren proposamena elkarrizketarako «ia azken saioa» dela dio Ziarretak Juan Jose Ibarretxeren gobernuak Espainiako Gobernuari proposatutako negoziazioa euskal gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpontzeko «ia azken saioa» izango dela adierazi du Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidente hautatu berriak. Atzo Radio Euskadin egin zituen adierazpenak Ziarretak, EAren Biltzar Nagusiaren biharamunean. «Herriari era batera edo bestera hitza ematearen aldeko apustua egin dugu, eta egiten ari gara».
Estatuak Ibarretxek proposatutako galdeketa debekatzen badu «jo beharreko lekura» joko dutela esan du, eta beharrezkoa izanez gero nazioarteko behatzaileak ere deituko dituztela, «XXI. mendean irauten duen gatazkaren politikoaren lekuko» izan daitezen.
Ibarretxeren egitasmoarekin ados dauden alderdi abertzaleak datozen hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukerari buruz galdetu diotelarik, Madrilera «herri batu eta indartsuaren irudia» eramatea garrantzitsua litzatekeela erantzun du.
EAJk alderdi politikoen artean elkarrizketa erronda egitea proposatu izana begi onez hartu du Ziarretak, «jardun politikoak ezin baitu ETAren esku gelditu». Bere hitzetan, «orain alderdi politikooi dagokigu ekimen politikoa hartzea». Elkarrizketa horietan Batasunak ere egon beharko lukeela esan du.
Jatorria: Unai Ziarreta