Bakearen eta Desarmearen aldeko Emakumeen Mundu Egunean, Eusko Alkartasunak emakumeen eskubideen alde eta bakearen alde egindako lana azpimarratu nahi dugu, eta helburu horiekiko dugun konpromiso zahar bezain irmoa azpimarratu. EAren ibilbide historikoak edozein indarkeria motaren aurkako jarrera tinkoa bermatzen du, ikuspegi feminista, sozialdemokrata eta justizia sozialaren aldekoak diren gure oinarrietatik.
Bakegintzaren aldeko lan porrokatuaren isla argia da Eusko Alkartasunako emakumeek egindako lana, gaur egun gure gizartearentzako eredu gisa nabarmendu nahi ditugunak.
Bakezale porrokatuak gara Eusko Alkartasunako kideak. Horregatik ondo dakigu, bakea lortu nahi baldin badugu, emakumeak erabakigunetan jartzea ezinbesteko dela. Hala, Lehendakarigai izateko lehen emakumea EAk proposatu zuen. BegoƱa Lasagabaster espainiar kongresuan zegoela, bakegintzan fin eta gogor aritu zen gobernu espainiar ezberdinekin. Egun, NBEtik dabil emakume eta bakegintza arloan. Nekane Alzelai ere bakegile porrokatua da, egun Foro Sozialean egiten duen lana nabarmendu nahi dugu. Edo Lohitzune Txarola ETAren armagabetzean Gipuzkoako Batzar Nagusietatik bultzatutako akordioetarako borondatean, Argitxu Noblia Bakearen artisauekin, edo egun Eba Blanco alderdiko eta Lorena Lopez de Lacalle ALE buruzagi gisa. Gauza argia da bakea lortu eta beroni eusteko, emakumeak ezinbesteko direla. Emakumerik gabe, bakea partziala eta hauskorra dela argi dugu, horregatik Eusko Alkartasunako lagunak bakezale porrokatuak izateaz gain, emakumeak erabakigunetan jartzearen beharra azpimarratzen dugu; bai nazioartean, bai Euskal Herrian ere, bakea zorrozten diardugu; izan ere, bakeak militante asko behar ditu.
“Ahotsak” plataforma da jarraitu beharreko adibideetako bat, emakumeak politika eremutik bakearen alde egindako lanaren barruan. Mugimendu horrekin gizonen moldera egindako politikagintza apurtu genuen, eta bakearen erronkari emakumetasunetik eragin. Horrela erakutsi genuen emakumeek bakearen alde batzen garenean, lan horren ondorioak gehiago hedatzen direla, denboran gehiago irauten dutela eta gizartearen ongizatean eragin handiagoa dutela.
Gaur bezalako egun batean, ezin dugu ahaztu indarkeria matxistaren ondorioz emakume askok bizi duten egoera larria; ezin dutela bakean bizi, bizirauteko etengabeko borrokan baizik. Esparru politikotik, matxismoaren eta patriarkatuaren ondorio bortitzenak jasaten dituzten hainbat eta hainbat emakume babesteko eta horiei erantzuteko erantzukizuna dugu. Gure ardura da bake hori lortzen laguntzea. Feminismotik, beti egongo gara emakume guztien bakea lortzeko borrokan.
Azkenik, bakea eta armagabetzea protagonista diren egun honetan, Palestinako sarraskiarekin amaitzeko deia luzatzen dugu, batez ere, hainbeste urtez beste alde batera begira egon diren nazioarteko erakundeei; jarri emakumeak negoziaketa eta erabaki esparruetan, eta bakegile porrokatuak garela konturatuko zarete!