Organu honek frogatutzat jotzen du alderdiaren Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudiaren urratze larriak
Eusko Alkartasunako Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du gaur Maiorga Ramírez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurka 2021eko irailean irekitako zehapen-espedientearen instruktoreak aurkeztutako ebazpen-proposamena, Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudia ustez urratzeagatik bi afiliatuk egindako salaketen ondorioz.
Espedientearen instrukzioa bukatuta, eta salatutako pertsonen alegazioak jaso ondoren, Ejekutiba Nazionalak erabaki du ebazpen-proposamen hori onartzea eta, ondorioz, salatutako pertsona bakoitza lau urteko afiliazio-etenaldiarekin zigortzea, frogatuta geratu baita Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau-hauste larri eta oso larriak egin dituztela.
Zehazki, frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudiko artikulu hauek urratu direla:
-20.2 artikulua: Kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea.
-20.5 artikulua: Alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea, alderdiaren edo bere organoen irudia eta sinesgarritasuna kaltetzen denean, edo helburuak edo ideologia alderdiarenarekin kontraesan garbian sartzen denean.
-20.10 artikulua: Eusko Alkartasunako afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria.
-20.12 artikulua: Eusko Alkartasunako afiliatu, edo kargu publikoei eta alderdiko organoei egindako injuria edo kalumniak.
- 19.2 artikulua: alderdiaren irizpideak haustea, alderdia kaltetzen bada.
Ramírez, López de Aberasturi, Goenaga, Aranoa eta Korresen afiliazio-etendura otsailaren 21etik aurrera izango da indarrean; beraz, XIII. Kongresuan parte hartu ahal izango dute. Alderdiaren Biltzar Nazionala, hilaren 19an eta 20an egitekoa. Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudiari buruzko Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera, Ejekutiba Nazionalaren eskumena da zehapena zein egunetatik aurrera indarrean jarriko den zehaztea. Ejekutibako kide batek hala proposatuta, otsailaren 21ean sartuko da indarrean 5 afiliatu hauen zigorra, horrela EAren Kongresuan parte hartzea bermatzen zaielarik, hurrengo 4 urtetarako oinarri politikoak, estatutuak eta zuzendaritza berriaren bozketan parte hartu ahal izan dezaten, bai eta euren burua zuzendaritzarako aurkezteko aukera izan dezaten.
Zehatutako bost pertsonek, Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian aurreikusita dagoen bezala, 30 eguneko epea izango dute alderdiaren Bermapide Batzordeari errekurtsoa aurkezteko, behin zehapena indarrean jarri ondoren.