Eusko Alkartasunaren Kontseilu Nazionalak ezohiko biltzar presentziala egitea proposatuko dio Batzar Nazionalari. Horrela, barne karguak berritzeko Alderdien Legean dagoen eginbeharra beteko da eta alderdiaren egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzeko balioko du, alderdiaren aurka hainbat afiliatuk sustatutako prozesu judizialen ondorioz egungo zuzendaritzak bizi duen iragankortasun-egoerari aurre eginez.
Eusko Alkartasunaren Batzar Nazionala bihar, irailak 21, Gasteizko egoitza berrian bilduko da Kontseilu Nazionalaren proposamena aztertzeko. Kontseiluak biltzarra azaroaren 19 eta 20an egitea proposatu du.
Eusko Alkartasunaren bozeramailea den Iker Ruiz de Eginoren iritziz “horrela, berriz ere hitza emango diogu afiliazioari, eta alderdiaren organo gorena, Kongresu Nazionala, deituko dugu, libreki eta demokratikoki erabaki dezan zeintzuk izan behar diren estatutuak, ildo politikoa eta datozen 4 urteetan alderdia zuzenduko duten pertsonak”.
“Konbentzituta gaude, eta horrela defendatuko dugu epaitegietan, otsaileko kongresua garbia eta demokratikoa izan zela; hala ere, hautestontziei beldurrik ez diegunez, ez dugu arazorik berriro aurrez aurre egiteko eta, horrela, bozketa telematikoen inguruan sortu nahi ziren zalantzak funtsik gabekoak zirela frogatu”, esan du Eginok.