Eba Blancok, Eusko Alkartasunako Jarduneko Idazkari Nagusia, prentsaurrekoa eskaini du gaur Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia aztertzeko.
Lehenik, Eba Blancok argi utzi nahi izan du bere kargua ez dela “primarien ondorioa”. “Epaileak primariak bertan behera utzi ondoren, Asanblada Nazionalak izendatu ninduen jarduneko idazkari nagusi bezala, Exekutiban zegoen hutsunea behin-behinean betetzeko”.
Sententziaren inguruan gogoratu du errekurtsoa jar daitekeela. Edozein kasutan “epaileek berretsi egin dute sektore kritikoaren jarduera irregularra eta iruzurrezkoa izan dela Berme Batzordean eta afiliazioaren datu-basearen erabilerari dagokionez”.
Gainera, Eba Blancok azaldu du: “Epaiak arrazoia eman dio Exekutiba Nazionalari afiliatuen datu basearen erabilerari dagokionez. Argi utzi du Lopez de Aberasturik, Aranoak eta Goenagak ez daukatela afiliatu guztien datu pertsonalak ezagutzeko eskubiderik”
Primarien prozesua baliogabetzeko erabakiari buruz bi gauza azaldu ditu, “hautagai gisa, Primarien Erregelamenduan ezarrita zeuden baldintzak bete” zituela eta bestetik “Auzitegiak gehiegizkotzat jo” duela “orain hautagai bakoitzak Ipar Euskal Herrian ere gutxienez bost abal aurkeztu behar izatea”. “Horregatik, Primarien Erregelamendu berri bat onartzeko eta prozesua errepikatzeko agindu du”.
Zentzu honetan esan du ikusteko dagoela “epaiaren zati hori errekurritzen dugun ala ez”. “Edonola ere, uste dugu sententziaren zati horrek ez duela ondorio praktikorik, EAren kongresua jada martxan dagoelako”.“Hau da, Erregelamendu berria daukagunerako eta primariak egiten ditugunerako Exekutiba berria izango dugu”.
Azkenik, EAren barne egoerari buruz esan du EAn ez duela “inor ezagutzen alderdia desegin nahi duenik”. “Nik EA indartsu bat nahi dut EH Bildu gero eta zabalago eta indartsuago batean”. “Gure borroka eskubide sozialen defentsaren aldekoa da; politika aurrerakoi eta publikoen aldekoa, aniztasunaren aldekoa. Finean, demokraziaren eta askatasunaren aldekoa. Bide honetan lagun izan nahi duena, ongietorria izango da; oztopo izan nahi duenak berriz, jai dauka”.