Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkidea eta Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak gaur ospatu den Osoko Bilkuran “kohesio soziala bermatzeko eta herritar guztien interesak eta sentsibilitateak babesteko, kontzientzia, pentsamendu eta adierazpen askatasunei buruzko araudi” baten beharra defendatu du. Hala adierazi du Lehendakariak Gernikako Batzar Etxean kargua hartzeko erabiliko duen formulari buruzko ekimenaren eztabaidan eta bozketan. EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio.
Eba Blancok zuzenketa defendatu du, eta honen bidez aipatutako araudia lan dezala eskatzen zaio Gobernuari, “eremuko eragileen parte hartzearekin”. Era berean, EH Bilduk proposatu du Gobernuak “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako eraikin eta espazio publikoetan dagoen erlijio-sinbologiaren mapa edo/eta inbentarioa egin dezala”; eta “kultu-leku edo zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko Lege-Proiektua aurkeztu dezala urtea amaitu aurretik”.
Zentzu honetan Eba Blancok argi utzi nahi izan du EH Bilduk “kontzientzia askatasunaren eskubideen, berdintasunaren eta politika publikoren defentsatik laikotasuna aldarrikatzen duela, gure herriarentzako proiektu juridiko eta politikoaren zati bat den heinean. Termino horiek guretzat ezinbestekoak dira”, eta hor ezartzen da gure emendakinaren lehen puntua.
Hasierako proposamenaren inguruan esan du: “Gaur egun, koalizio-gobernua gidatuko duten politikei buruz kezkatzen gaituzten gai asko daude, baina sentitzen dut esatea zerrendaren azken lekuan Urkullu jaunak duen lotura erlijiosoa dagoela. Benetan axola zaiguna da nola beteko duten beren kargua, zertarako, norekin eta nori begira. Beste gauza bat litzateke erlijio-lotura horrek gure ustez eragin negatiboa izango balu aurrera eramango lituzkeen politika-motetan, eta hor bai egingo genukeela gobernuaren kontrol-lana gure proposamenak egiteko. Baina kargua horrela hartzeagatik, uste dugu ez duela eraginik. Bestalde, uste dut kontuan izan behar dugula herritarren sentsibilitate desberdinak zaindu behar direla, betiere kontzientzia-askatasunaren premisaren pean”.
“Beste aldetik zer transmititu beharko luke gobernuak ekitaldi guztietan?”, galdetu du Eba Blancok. “Zergatik geratzen gara bakarrik erlijiositate-laikotasuna dikotomia horretan?” Eta beste dikotomia batzuk aipatu ditu bizikidetza-intolerantzia edo genero berdintasunaren aldeko jarrerak-diskriminatzaileak, besteak beste. “Ba guk uste badugu balio batzuk transmititu behar baditugu, besteak beste zibilak, inklusiboak eta bizikidetzaren balio demokratikoan eta berdintasunean oinarritutakoak izan beharko lirateke”, azpimarratu du.
“Eta hori da gure zuzenketaren espiritua, helburu horiek guztiak lortzeko hasierako proposamena baino askoz ere haratago doana. Gure ustez, eztabaida serioa, sosegatua eta askoz sakonagoa behar da”.