Silesian bilduta dagoen EFAren Batzar Orokorrak aho-batez onartu du Eusko Alkartasunak ETAren armagabetzearen inguruan aurkeztutako mozioa. Batzarrean EAko Nazioarteko Idazkari Lorena Lopez de Lacalle eta Ingurumen idazkari Iñaki Ezkurra Silesian daude alderdiko ordezkari bezala. Onartutako mozioa, orain dela egun batzuk Bakearen Artisauek ezagutzera eman zuten berriaren testuinguruan aurkeztu da, non ETAk apirilaren 8rako guztiz armagabetua egoteko bere borondatea adierazi duen.
EFAk onartutako mozioan adierazi da espainiar eta frantses Gobernuen inmobilismoaren aurrean, ETAk bere armagabetzea Euskal Herriko gizarte zibilaren eskuetan utzi duela eta gauzatzen denean Euskal Herriak “bakea eta bizikidetza” egoera berria biziko duela. Zentzu horretan, EFAk ongietorria eman dio ETAren erabakiari eta, modu berean, poztu egin da Euskal Herriko alderdi gehienek –Frente Nazionalak, Alderdi Popularrak eta UPNk ezik- armagabetzeari bere babesa adierazi diotelako.
Bestalde, EFAk Espainiako eta Frantziako Gobernuei dei egin die ETAren armagabetze oso, aldebakarreko eta egiaztatua gerta dadin –euskal gizarteak askotan eskatu bezala-, beti ere, segurtasun eta legezkotasun berme batzuekin.
Modu berean, Hego Euskal Herriko Gobernuei eta Iparraldeko Elkargoari beraien laguntzaz armagabetzea burutu dadin eskatu die EFAk. Modu berean, koalizioak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari babesa adierazi dio armagabetzearen alde lanean jarrai dezan.
Azkenik, Europako Kontseiluari, Europako Batzordeari, Europako Parlamentuari eta Erregioen Komiteari eskatu die babes ditzala Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde ematen diren pauso guztiak.