Nafarroan banku publikoa sortzeko eskaera babestu du Maiorga Ramirez, EH Bilduko parlamentariak, “Nafarroako Kutxa desagertzea ekarri zuen kudeaketa txarraren ondoren”. Aurten 100 urte beteko dira Nafarroako Kutxa sortu zenetik eta Ramirezen hitzetan, banku publiko propioa izatea “funtsezkoa eta premiazkoa da egungo krisiari aurre egiteko”.
EH Bilduko parlamentariak Nafarroak finantza arloan zuzenetan lan egiteko tresna berriro eduki dezan aukera defendatu du eta “Nafarroako Kutxaren desagerpenak ondorio handiak” izan zituela eta oraindik dituela gogoratu du, egungo pandemia-egoeran horiek nabaritzen direla gaineratuz, “finantza sektorea funtsezko sektorea baita erakundeen finantzaketarako eta, batez ere, bizi dugun krisiak eragindako sektore guztientzat”.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako ekimena atzera bota du Nafarroako Parlamentuak, nahiz eta, Ramirezek azaldu duenez, Nafarroak eskumen esklusiboa duen arlo horretan: “Gure enpresek behar dute, gure ekonomiak eskatzen du, eta aukera gure esku dago”.
Foru parlamentariak beste argudio bat gehitu du banku publikoen sorrera defendatzeko: “Finantza arloan ere kontsumo arduratsua egiteko eskubidea dute hiritarrek, eta herritarrei beren jarduera ekonomikoa erakunde publiko baten bidez bideratzeko aukera ere eskaini behar zaie”.
maiorga