“Eusko Jaurlaritza berarekin, politika berberekin, orain daukagun egoera berdina izango dugu, eta Covid 19ren kolpearekin agerian geratu da ez digula balio”, adierazi du Eba Blancok gaur, EH Bilduk Artziniegan egin duen ekitaldian, eta, ondoren, kanpaina honetan argi geratu dena adierazi du: alderdi independentista bakarrik dela funtzionatzen ez duen sistema eraldatzeko gai. Eba Blanco, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko presidenteorderekin batera Oskar Matute, Madrilgo Diputatuen Kongresuko diputatuak hitz egin du, eta Lan Erreformaren gaiarekin PSOEK izan duen joko bikoitz lotsagarriaz azalpenak eman ditu.
“Orain ez du balio inor ez zegoela pandemia baterako prest esateak, gure sistema publikoaren gabeziak ezagunak zirelako”, adierazi du Blancok, eta EH Bilduk herritarrei egindako eskaintzaren ardatzak laburbildu ditu: “Pertsonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako politikak”. EH Bilduk gobernatzen duen Artziniegan, Joseba Vivanco alkatearen gidaritzapean garatzen ari diren lehentasunak, alegia.
Eusko Jaurlaritzak premiazko neurriak hartu behar ditu, Blancok azpimarratu duenez, “eta ezin du bakarrik egin, eragile sozial, ekonomiko eta sindikalekin baizik. Hori EH Bilduk bakarrik egin dezake”. Koalizioko hautagaien hitzak ez dira hutsak, izan ere, “EH Bilduk legealdi osoa eman du sistemaren gabeziak salatzen eta, are garrantzitsuagoa dena, hobetzeko neurriak proposatzen”.
“EAJ Independentistaz janzten da Alderdi Egunean eta hauteskundeetan ezkerrez mozorrotzen saiatzen da”, esan du Blancok, baina “EAJk Eusko Jaurlaritzan gizarte gaietan eman duen aurrerapauso bakoitza egun EH Bildun gauden jendeak behartuta egin du”.