EH Bildu aurrekontu adosteko prest edukiak bermatuz

Gaurko agerraldi honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aurkeztu dituzten aurrekontu proposamenen inguruko EH Bilduren hausnarketa plazaratu nahi dugu. Nafarroako aurrekontuak ez ditugu baloratuko, atzokoan UPNren aurrekontuak atzera bota baitzituen oposizio osoak. Gaurkoan ez goaz aurrekontu ezberdinen azterketa zehatza egitera, aurrekontuek ordezkatzen duten eredu sozial eta ekonomikoaz aritzera baizik, Azterketa sakon horiek, datozen egunotan egingo dira, herrialdez herrialde. Gogorarazi nahi dugu, halaber, aurrekontu guztiak “Aurrekontuen Egonkortasun Lege” espainiarrak mugaturik egiten direla, honek suposatzen duenarekin: defiziterako aukera mugatuak, zor publikoaren ordainketak lehentasuna

AURREKONTUEK ORDEZKATZEN DITUZTEN EREDUAK
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aurkezturiko aurrekontu proposamenek, bai eta azken asteotan iragartzen ari diren neurri ezberdinek (fiskalitateari dagozkionak, zerga bilketa, etab) agerian uzten dute bi eredu ezberdin daudela politika egiteko eta instituzioak kudeatzeko: eskuinarena eta ezkerreko abertzale eta soberanistona. PP eta PNVrena alde batetik eta EH Bildurena bestetik.
Hiru instituzioek aurkezturiko aurrekontuek eredu horiek irudikatzeko hainbat zertzelada ematen dizkigute:
Eskuinak ez du ondo kudeatzen: PP eta PNVk kudeaturiko Araba eta Bizkaiko Foru Aldundien aurrekontuek jaitsiera nabarmenak dauzkate. Aurrekontu orokorrean Araban %6koa, Bizkaian %4,3koa eta Gipuzkoan %1,6koa. Aurrekontu propioan ere, diferentziak nabarmenak dira.
Fiskalitate atzerakoi bat ezartzea eta aberatsenen mesedeko zerga politika ezartzearen ondorioz, diru sarrerak nabarmen murriztu dira bi herrialdeotan. Gipuzkoan aldiz, zerga politika aurrerakoi eta progresiboa ezartzea, gizarte justizian aurrera egitearekin batera, krisi egoerari aurre egiteko baliabide ekonomiko gehiago izatea ahalbidetu du.
Eskuinaren lehentasuna ez da krisi egoeran herritarren eskubideak defendatzea. Krisialdi ekonomikoak eta Madrilen murrizketek eragindako egoera zail eta gogor honetan, murrizketa nabarmenak eman dira gastu sozialean eta zerbitzu publikoetan. Arlo horretan ere, Gipuzkoa da gastu sozialari aurrekontuaren portzentaje altuena bideratuko diona, %48,10 hain zuzen ere (PNVk Bizkaian baino %3,6 gehiago eta PPk Araban baino %6,10 gehiago). Etxe kaleratzeen arazo larriari aurre egiteko 100.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoak, PNVk eta PPk xentimo bat bera ere bideratuko ez dutenean.
Mendekotasun Legearen Osagarria: Gipuzkoan ez dira Rajoyren murrizketak ezarri eta osagarria hori mantentzeko dirua bideratu da.

DEIALDIA eta EH BILDUren POSIZIOA
1. Krisi egoera honetan ezinbestekoa deritzogu sistema publikoa indartu eta aurrekontuak handitzea. Murriztu behar bada, pribilegioetan murriztu dadila.
2. PNV eta PPri dei argia: Herritarrengan koka dezatela lehentasuna. Herritarren eskubideen eta ongizatearen bermea izan daitezela instituzioak eta ez espekulatzaile, fortuna handi edo eraikuntza enpresen berme.
3. Akordioetarako prestutasun osoa du EH Bilduk, baina argi eta garbi, beti ere, edukien baitan. Kromo trukaketarik ez dugu onartuko.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna