Espainiako Gobernuarekin alde biko harremanak landu ordez, lehenago euskal eragileen arteko akordio zabala bultzatu behar du Hezkuntza sailburuak erreformari aurre egiteko, nabarmendu du Laura Mintegik.
EH Bilduk kezkaz hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek Espainiako Gobernuak bultzatutako hezkuntza erreformari buruz eginiko lehenengo adierazpenak, “etxean, Euskal Herrian, adostasunak bilatzen hasi beharrean, Wert ministroarekiko alde biko harremanak lehenesteko asmoa agertu duelako”, Laura Mintegik, Juanjo Agirrezabala eta Rebeka Uberarekin batera, gaur adierazi duenez.
EH Bilduko bozeramaileak “etxeko lanak” ipini dizkio Uriarte sailburu berriari; alegia, “euskal hezkuntza eragileen, instituzioen eta alderdien arteko adostasun zabala lortzeko lan egin dezala, hori egin ondoren bakarrik Espainiako Gobernura jotzeko, erantzun bateratua emanez, Werten erreformari aurre eta planto egiteko”. Zentzu horretan, Rajoyren Gobernuaren eraso honi “herri gisa” erantzun beharra aldarrikatu du koalizioak.
Mintegik ohartarazi du PPk Madriletik inposatu nahi duen erreformak sekulako kaltea egingo liokeela euskal hezkuntza sistemari, “gure eskuduntzak urratzeaz gain, bere oinarrietan euskararen aurka jotzen duelako eta zeharo atzerakoia, antidemokratikoa eta zentralizatzailea delako”. Hori dela eta, EH Bildu legebiltzar-taldeak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarra erreformaren kontra ager dadin eta horren ezartzeari uko egiteko eska diezaion Jaurlaritzari.