EH Bilduk hainbat konpromiso proposatu dizkie herritarrei, egoera aldatzeko eta jendarteak merezi duen herria eraikitzeko. Oiongo hauteskunde ekitaldian parte hartu du Eba Blancok gaur Oskar Matute diputatuarekin batera, eta egungo egoera sozioekonomikoa eta politikoa aldatzeko behar den bultzada ezkerreko alderdi soberanistaren eskutik baino ez dela etorriko azpimarratu du. Errioxako jarraitzaileek ekitaldia bete dute, berriro ere EH Bilduren ekitaldi baten deialdiari erantzun bikaina emanez; kanpaina osoan zehar bezala, maskarilla asko ikusi dira ekitaldian eta segurtasun neurriak zorrotz gorde dira.
Igandean botoa eman aurretik, pertsona, gizarte eta herri gisa zer nahi dugun jakin behar dugu, eta “nahi dugun hori lortzeko zein indar politiko ikusten dugun gai pentsatu”, esan du EAko jarduneko idazkari nagusi eta azken legegintzaldiko Legebiltzarreko presidenteordea izan den Blancok. Hala, “orain arte daukagunarekin geratzeak ez du gure ongizatea bermatzen”, azpimarratu du.
Blancok Errioxako errealitatearekin lotutako adibideak erabili ditu bere hitzaldian, Oiongo EH Bilduko kideak zorionduz erakundeetan egindako lanagatik eta hezkuntza eta osasun publikoak Kuadrillan dituzten gabeziak salatuz: “Denbora daramagu Leza eskualdeko ospitale bihurtu dadin eskatzen, eta orain asteburuetan ere ez duzue oinarrizko arretarik; hezkuntzan, berriz, Errioxan oraindik ere bigarren hezkuntza publiko euskaldun eta unibertsala ez egotea ez da ulertzen”.
“Kudeatzaile onaren maskara galdu du Urkulluk; asko kexatu da konfinamenduan zehar erabakitzen uzten ez ziotelako, eta egia da ez diotela utzi, baina kudeaketa hutsa ere ez du ondo egin eta hori hautestontzietan nabaritu beharko litzateke igandean”, gaineratu du.
Blancoren ustez, EAJk “Viñedos de Alava” proposamenaren inguruan duen jarrera bere jarduera politikoaren adibide da, hautagaiaren ustez: “Bere bidea egin nahi duen pertsona ekintzaile eta ausarten aurrean, zuhurtziaren alde egiten du, dagoenarekin geratzearen alde; arriskatu gabe eta, ondorioz, irabazi gabe. Ez du erabakirik hartzen, beste esparru batzuetan hartzen dituzten erabakiak kudeatzearen alde egiten du”.