EH Bilduren eta EAJren eta PSEren osasun ereduen arteko ezberdintasunak erakusten dituzten adibide ugari azaldu ditu Eba Blancok gaur Gasteizen egindako ekitaldian, Euskal Herrian Covid 19ko epidemian paper handia izan zuen Txagorritxuko ospitaletik metro gutxira. Eta hori ere jokoan dago datorren igandean, esan du Blancok.
Hautagaiarekin batera, Maialen Uribe erizain gaztea egon da, eta sektore profesionalaren ikuspegi interesgarria eskaini du. Ohi bezala, parte hartze handia egon da hitzaldian, bertaratutakoek galderak bota dizkiete bi hizlariei, egoeraren ikuspegi propioa eman dute eta ekarpen interesgarriak egin dituzte.
EH Bilduren osasun eredua pertsonengan eta haien beharretan oinarritzen da, Blancok azaldu duenez, “eta hortik abiatuta egiten dira planak, benetako beharretara egokitu daitezen”. Aitzitik, EAJren eta PSEren eredua zementuan oinarritzen da, Aiara, Arrasate eta Eibarreko kasuetan bezala, non zerbitzu mediko hobeak ematen ez dituzten zentro berriak egin dituzten.
Covid 19ren krisiari buruz, Blancok, EAko jarduneko idazkari nagusi eta azken legegintzaldian Eusko Legebiltzarreko presidenteorde izandakoak, esan du aurretik tentsionatuta zegoen osasun sistema muturrera eraman duela pandemiak: “Urteetako inertziek, hautu politikoek, planifikazio eta aurreikuspen ezak krisian zehar azaleratu diren arazoak sortu dituzte”. Gabezia horien artean, herritarrek jasotzen duten arretan eragin erabakigarria duten gaiak daude: “Aldi baterako kontratuak, langileen kopuru azpidimentsionatua, hornidura menpekotasunak, estrategiak definitzeko, garatzeko eta partekatzeko gaitasunik eza”.
Krisiak protagonista bi izan ditu: “bikainak diren osasun-langileak eta kudeatzaile onaren irudia erabat galdu duen Urkullu”. Hurrengo legealdirako erronka nagusi bezala honakoak izendatu ditu Blancok: “Aldaketa filosofiko bat; pertsonengan eta haien osasun-beharretan pentsatzen duen eredua eraikitzea eta behar horietan oinarrituta inbertsioak egiten dituena; pribatizazioekin eta murrizketekin amaitzea; gizarte baldintzak osasunean duten eragina kontutan hartzea; lehen mailako arreta lehenestea, eta emergentziak publifikatzea”.
txago1
txago3