Euskal Herrian erabakiak hartu ahal izango ditugula bermatzen duen bide bakarra Estatu propioa lortzea da
Murrizketen eta murrizketek sortzen duten egoera larriaren inguruko eztabaida puri-purian dago euskal jendartean. 14. paga edo “Gabonetako paga” delakoaren inguruko eztabaida dugu horren adibide.
EH Bildu-ren ustez, murrizketen inguruko hausnarketa orokorra egin beharra dago, irakurketa partziala egiteak arazoaren dimentsio osoa ezkutatzen duelako.
Horrela bada, lehenik eta behin, murrizketa hauen zergatiaz eta testuinguruaz hausnartzea ezinbestekoa deritzogu:
1. Krisi orokorra pairatzen ari gara, herri eta herritar bezala.
2. Estatu espainiarrean krisia sakonagoa eta bortitzagoa bihurtu zen neurrian, bankuei zorra ez ordaintzeko arrisku bizia zegoen eta Troikak bete beharrak zehaztu zizkion Estatuari hori gertatuko ez zela ziurtatzeko, alegia bankuei ordainduko zaiela bermatzeko.
3. Horregatik, ukiezina omen zen Konstituzio espainiarraren aldaketa egin zen, PSOEk proposatua, PPren baiezkoarekin eta EAJren abstentzioarekin.
4. Konstituzioaren aldaketaren arrazoi bakarra bankuei zor publikoa ordaintzea lehentasun legala bihurtzea izan zen, eta horrek bestelako gastuak murrizteko beharra sortu zuen derrigor.
5. Norabide horretan onartu zuen PPren Gobernuak “Aurrekontuen Egonkortasun Legea”. Lege horren oinarrizko helburua honakoa da: gastu publikoa eta soziala murriztea, bankuei zorra ordaindu ahal izateko.
6. Eta horren ondorio zuzena da gero etorri zen langile publiko eta sektore publikoaren kontrako erasoa: kontratazio berriak egiteko debekua eta pribatizazioak, langile publikoen lan baldintzak okertzea eta azkenik 14. paga kentzea. 14. pagaren desagertze saiakerak langile publiko guztiei eragiten diela azpimarratu beharra dago, beraien soldata dena delakoa izanda, berdin hilero 3.000 €, 1.500 zein 800 kobratzen badute ere.
7. Neoliberalismoak beraz garbi du, bankuak lehenetsi eta sektore publikoa “argaldu”, alegia, gastu publikoa eta soziala murriztu, bi ondorio nagusiekin: hiritarrei ematen zaion zerbitzuaren kalitatea okerragoa dela eta langile publikoen lan baldintzak okertu egiten direla.
8. Beraz, krisi honetara ekarri gaituen politika neoliberala eta bere mesedetan lan egiten duten PP-PSOE-EAJ alderdiak dira arduradun nagusiak egoera honetara iristeko, eta era berean, krisira ekarri gaituen bide berdinean sakontzea besterik ez dute proposatzen.
PPren Gobernuaren erabaki ekonomikoek ondorio politikoa badute ere, Katalunia eta Euskal Herrian subiranotasuna inoiz baino biziago dagoen momentu honetan “café para todos” formula pean sortutako autonomien estatua ere jasanezina egiten zaie eta beraz zentralizazio prozesu basatiari ekin diote.
Izan ere, gauza bat izan behar dugu argi: Madrilen hartutako erabakiak Euskal Herrian indarrean jartzeko derrigortasuna burujabetzarik ez dugulako gertatzen da. Horixe da Madrilek harturiko erabakiak inposatzeko arrazoia. Estatuarik ez izatearen ajeak dira.
Madrilen erabaki eta Euskal Herriko instituzioetan erabaki horiek inposatu nahi dituzte, eta berdin dio BEZaren igoeraz ari bagara zein 14. pagari buruz ari bagara.
Zertarako balio du beraz egun dugun markoa? Zertarako balio du ere kontzertu ekonomikoa edo hitzarmena, politika fiskala bera Madriletik inposatu behar bazaigu? BEZarekin gertatu da eta ikusiko dugu zer gehiago etor daitekeen. Autonomia Estatutuak, Amejoramenduak ez dituzte euskal herritarrak Madrilen hartzen diren neurri bidegabeetatik babesten. Euskal Herrian erabakiak hartu ahal izango ditugula bermatzen duen bide bakarra Estatu propioa lortzea da.
Murrizketak, neurri inposatuak, dekretuak,… gure herria garatzeko, politika propioak bultzatzeko, … lehen mailako mugak dira. Azken helburua zentralizazioa eta erabakitzeko ahalmenak murriztea ere… Estatuaren aginduen menpean,
Murrizketen aferaren inguruan dagoen eztabaida politikoa ezin atzeratu edo zokoratu daiteke. Atzean dagoena eskumen, burujabetza eta borondate politikoaren inguruko eztabaida eta erabakiak hartu behar. Eragile politiko, sozial, sindikal eta instituzionalok posizio argia azaldu behar dugu honen aurrean eta dituen ondorioen aurrean.
Euskal Herriak marko berria behar du. Berria eta berehalakoa, premiazkoa delako. Austeritatearen izenean inposatzen ari zaizkigun neurriak jada ondorio sozial larriak ekarri ditu: langabezia tasa jasanezina, babes sozialeko laguntzen murrizketak pobreziari ateak parez pare zabalduz… Oro har langileen eskubideak urratzen ari dira etengabe, gazteak eta emakumeak krisiaren lehen biktimak suertatzen ari dira…
EH Bilduk horri guztiari aurre egingo dio. Ez dugu murrizketarik nahi, ezezko borobila esaten diogu neurri, erreforma eta dekretazo hauei guztiei, inposatuak direlako, guk erabaki ez ditugulako eta bereziki injustuak eta krudelak direlako. Eta horiek euskal gizarteari – zerbitzu sozialen erabiltzaileei eta langileei- ez eragiteko lan egin dugu. Hori da gure konpromisoa eta horrela izango da kudeatzen ditugun erakundeetan.
Horrela bada, honako azpimarratu nahi dugu:
Euskal Herriak bere etorkizun politikoa ez ezik, ekonomikoa ere eraikitzeko behar duen marko politiko burujabearen alde lan egin behar du. Euskal Herriak, lehen bait lehen, burujabetza ekonomikoa behar du, arlo ekonomikoan, laboralean, fiskalean edota sozialean gure erabaki propioak hartu ahal izateko.
Burujabetza politiko eta ekonomikoa jendarte eredu berri bat eraikitzeko; egungo eredua errotik aldatu herritarren eta langile klasearen mesedetan.
Marko berri hori lortze bidean, zein inposatu zaizkigun neurri horiei herri bezala aurre edota planto egiteko, instituzio eta eragile ezberdinen arteko elkarlana eta akordioaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Berriro diogu, herri bezala aritu eta erantzun behar da oraingoan, ezbairik gabe.
Ildo horretan hiru gai zehatzen inguruko adostasuna bilatzeko deia luzaten diegu eragile guztiei:
1. Gobernu espainiarrak onartu dituen dekretuei erantzutea.
2. Politika fiskal berri baten inguruko adostasuna erdiestea.
3. Madriletik inposatu nahi den Aurrekontuen Egonkortasun Legeari aurre egitea.
Azkenik, murrizketa hauen aurrean harresi sozial bat eraikitzea ezinbestekoa dela deritzogu. Horregatik, biharko egunean Euskal Herria Martxan deialdiak burutuko dituen mobilizazioekin bat egin nahi dugu, herritarrei manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzearekin batera.
Jatorria: Eusko Alkartasuna