Martin Aranburu. Legebiltzarkidea
Herri baten eraikuntza elementu askoren bidez egiten da, eta orain dela hogei urte pasatxo euskaldunok eskuratu genuen autogobernua eraikuntza horren mesedera jarri izan da askotan. Gure tresnak ez dira asko izan, Hegoaldean soilik eta zati batean gainera, gure anaia nafarrek izan dituzten agintariek ez baitute helburu berarekin erabili beren autogobernua.
Gure autogobernuak eskainitako tresna batez hausnarketa batzuk egin nahi ditut hemen gure hedabide propioez: hain zuzen ere, EITBz. Urte asko pasatu dira EITB martxan dagoenetik, eta onartu beharra dago helburu maximalistak planteagaitzak zirela garai hartan, hau da, EITB berehala eraikuntza nazionalaren elementu garrantzitsu bihurtzea. Bestelako helburuak markatu behar zituen lehendabizi gure hedabide publikoak: egonkortzea, indartzea eta zergatik ez onartu, ikastea. Urteak pasatu dira, eta gaur egun EITB entzungai eta ikusgai ditugun edozein irrati eta telebistarekin konpara daiteke. Beraz, indartze eta egonkortze fase hori amaiturik, beste fase bati egin behar dio aurre EITBk, hain zuzen, gure autogobernuaren ezinbesteko elementu bihurtu eta, ondorioz, euskaldunak gure herri izaera gal ez dezagun hain beharrezkoa dugun eraikuntza nazionala sendotuz.
Eraikuntza nazional sendo baten oinarria herri kontzientzia da, nazio baten partaide garenaren kontzientzia, alegia. Beste herriekiko errespetuan, baina norberaren ezaugarriak mantenduz bizi nahi duen nazio baten partaide. Kontzientzia sortzearen eguneroko funtzio horretan hedabideek dute ezinbesteko garrantzia. ETB-2 katea gaztelaniaz izatearen zergatiak ulergarriak zaizkit, baina zergatik ez orduan hirugarren kate bat frantsesez? Ez al da ba frantsesa gure herriaren hizkuntzetako bat? Iparraldeko gure anaiek ez al dute ba Euskal Herriaren berri beren hizkuntzetan jasotzeko eskubiderik?
Gure herria bi estatutan banatuta dago, eta beraz bi estatu horiei buruzko informazioa zabaldu behar da. Egunez egun eraikuntza nazional asko egin daiteke Hegoaldeko biztanleei gure herria Iparraldean ere badela gogorarazten badiegu, bertako errealitatea hemengo etxeetako sukaldeetara eramanez. Espainiako liga interesgarria bada, berdin berdin Frantziakoa, Espainiako famatuen gorabehera erridikuluak ezinbestekoak badira gure eguneroko bizitzan baita Frantziakoenak ere. Gure herria bitan zatituta dago, eta ezinbestekoa da Iparraldeko euskaldunek duten errealitea ezagutaraztea. Nire nazioaren parte baitira. Ziur naiz Iparraldeko biztanleen Hegoaldearekiko gertutasuna izugarri areagotuko litzatekeela egunez egun irrati eta telebista informazioek gure errealitate desberdinen berri emango baliete, uste baitut informazioak gertutasuna dakarrela, eta horrek, komunitate kontzientzia. –
Jatorria: Martin Aranburu