Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak 2021-2024 Gizarte Ekonomiaren Plan Estrategikoa baloratu du gaur batzordean. “Aldaketa izugarriak bizi ditugu, eta hurrengo hamarkada markatuko duten politika publikoak abiarazi behar ditugu. Eta EH Bilduren ustez, gaur inoiz baino gehiago, herri mailako apustua egin behar dugu kalitatezko enpleguaren alde, berdintasunaren alde, gizarte ekonomian egunero beste ekonomia eredu batekin lantzen diren balio horien guztien alde. Izan ere, irmotasunez sinesten dugu gizarte-ekonomia aldaketarako palanka izan daitekeela, azken batean, herri hau garapen jasangarri eta inklusiboaren bidean jartzeko palanka, adierazi du.

“Intentsio eta helburu on asko daude plan honetan baina askotan ez da ondo zehazten helburu kuantitatiboa eta horrek intentsio onetan uzten ditu ekintza asko”, salatu du. “Eta zer esanik ez, planak berak duen aurrekontuari dagokiola. Eragileek behin eta berriz eskatu egin dute aurrekontu handiago bat, eta oraingoan ez zaio eman beharreko bultzada ematen. Gizarte ekonomia bultzatzeko ere Europako funtsei begiratu behar diegu, eta gure herriko gizarte ekonomiako eragileek ere funts horietan parte hartzea bultzatu behar du gobernuak”.

“Sektore publikoak beraz bere esku dauden tresna guztiak aktibatu eta lerrokatu beharko ditu gizarte ekonomia benetan herri honen transformazioaren ardatz izatea nahi badugu”, amaitu du.

 

BIDEOA IKUSI: Leire Pinedo