EAko hautagaiaren ustez, botere publikoek neurri zehatzak garatzen jarraitu beharra daukate berdintasunaren arloan: laguntzak areagotu behar dituzte, emakumeak ez daitezen izan seme-alabetaz arduratzen diren bakarrak, eta horretarako gizonek ere lanean eszedentzia eta lanaldi murrizketarako aukera izan behar dute.
EAko hautagaiaren ustez, botere publikoek neurri zehatzak garatzen jarraitu beharra daukate berdintasunaren arloan: laguntzak areagotu behar dituzte, emakumeak ez daitezen izan seme-alabetaz arduratzen diren bakarrak, eta horretarako gizonek ere lanean eszedentzia eta lanaldi murrizketarako aukera izan behar dute.
Berdintasunerako politiketan oinarritu du gaur EAko hautagai Unai Ziarretak Gasteizen emandako mitina. Aldamenean Herrialde Katalanetako ordezkari bat izan du, Europako hauteskundeetako koaliziokidea, ERC Esquerra Republicana de Catalunya. Zehazki, alderdi Kataluniako Generalitateko Emakumearen Idazkaritzako arduradun Esther Alberich izan da Ziarretaren ondoan. EAko buruak azaldu duenez, indarkeria matxistaren aurkako borroka irabazteko “funtsezkoa” da emakumeek autonomia ekonomikoa edukitzea, “eta hori aukera berdintasunezko politiketatik etorriko da”.
Ziarretaren iritziz, botere publikoek neurri zehatzak garatzen jarraitu beharra daukate berdintasunaren arloan: laguntzak areagotu behar dituzte, emakumeak ez daitezen izan seme-alabetaz arduratzen diren bakarrak, eta horretarako gizonek ere lanean eszedentzia eta lanaldi murrizketarako aukera izan behar dute.
Gainera, lan arloko bizitza eta bizitza pertsonala hobeto uztartze aldera, industrialdeetan eta lantoki handien ondoan haurtzaindegiak eta haur eskolak jartzeko proposamena egin du.
Indarkeria matxistari dagokionez, horren kontrako borroka irabazteko “funtsezkoa” da emakumeek autonomia ekonomikoa edukitzea, “eta hori aukera berdintasunezko politiketatik etorriko da”.
“[Emakumea] Boterez hornitzea da indarkeria matxistaren kontrako politika prebentiborik onena”, nabarmendu du. “Zilegiztatu eta bermatu egin behar da emakumearen presentzia erabakiak hartzeko tenorean”.
Parekotasunaren aldeko borrokan “gudu zelai irekia” dago lan nahiz ekonomia alorretan, Ziarretaren ustez.
Salatu duenez, lan berdinak egiteagatik emakumezkoek gizonezkoen soldataren %26 gutxiago jasotzen dute, eta “askoz ere emakume gutxiago” daude erantzukizun postuetan.
Hala, oso garrantzitsutzat jo du hezkuntzan “berdintasun alorreko sentsibilizazio eta kontzientziazioan aurrera egitea, Euskadin aurrerapen handiak egon diren arren, oraindik ezberdintasun handiak” daudelako”.
EAk “etsenplu ematen” du berdintasun horren alde, eta horren eredutzat jarri du bere alderdiko aurreko presidentea emakume bat izan zela: Begoña Errazti.
ERCko Esther Alberichek, bere aldetik, azaldu du ERC Kataluniako Generalitateko Emakumearen Sailaren ardura hartu zuenetik “protestaren kulturatik proposamenaren kulturara” igaro direla, eta emakumeak botere gehiago izateko bidean “aurrera” egin dutela.
Lotura: Albistea Berrian
Jatorria: EP/Berria