Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? Horixe izango da datorren ekainaren 5ean Euskal Herriko 34 udalerrietako 125.632 bizilagunei egingo zaien galdera, Gure Esku Dagok egindako kontsulten barruan.
Galdeketak antolatzeko egin behar den prestaketa lan itzela, koordinazioa, parte hartu ahal izango duten hiritar guztiek informazioa jasotzea, finantziazioa lortzea, eta abar kontutan izanda, etorkizunerako entsegu orokorra dela esan dezakegu.
SNPko gure lagun eskoziarrek esaten dutenez, independentziari buruzko erreferenduma eta gero, Eskoziako gizartea politizatuagoa da eta horrexegatik ere hobea. Gai politikoetan –ia gai guzitetan, beraz- interes handiagoa du, informazio maila handiagoa, eta beraz kritikoagoa ere bada, gobernatzen dutenekin exijenteagoa. Eta ziur aski etorkizunari buruzko erabakia eskuetan duela jakiteak ere zerikusia du.
Demokrazian sakontzea ona da gizartearentzat, zalantzarik ez, Eskozian frogatu duten bezala. Euskal Herrian ere pausoz pauso frogatuko dugu, erabakitzeko eskubidea gauzatzeak, herri mailan bada ere, duen esanahi guztiarekin zentzu sinbolikoan eta aurrerapauso bezala.
Horren presente dugun Kataluniako prozesuaren historia txikia egingo bagenu, 2009an Arenys de Munt, Bartzelonako udalerri txikia, mapan jarri zueneko kontsultara iritsiko ginateke. Eta kontsulta horretatik, gaur arte. Ez da ekainaren 5era begira aurrekari txarra.
Etxarri Aranatz da gure Arenys de Munt, eta horren ondoren Arrakudiaga etorri zen. Hiru herri horietan oso gauza positiboak utzi zituen galdeketak, hiritarren erantzunez haratago doazenak.
Positiboa da galdeketak normaltasunez egitea, eta egin aurretik informazio prozesuak garatu direla ere. Horren ondorioz, Eskozian bezala, gizartea hobetu egin da, hiritar informatuagoak dituelako, politikoki ahaldunduak beraz. Eta ahaldundutako gizartea da subiranotasun prozesuari bultzada emango diona, Katalunian gertatu bezala, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatzeko unea dela badakielako.
Euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahia den erabakitzeko eskubidea normaltasunez gauzatzea posible dela erakutsiko dute astebete barru egingo diren galdeketek. Eta hiritarrek erabakiak hartzen hastea demokrazian aurrera egitea da.
Horregatik, nazio mailako subiranotasun prozesuaren entsegua egiten dugun bitartean, erabakitzeko eskubidea demokrata guzien arteko akordioen oinarria bihurtzeko lan egiten jarraituko dugu. Apurka, Eskozian bezala, bertan ez baita burujabetza eskubidea eztabaidatzen; edo Katalunian bezala, non erabakitzeko eskubidea gutxi batzuek –eta gero eta gutxiago- baino ez dute ukatzen.
Horretan lan egiten jarraitu behar dugu, eta horretarako aukera ezin hobea ematen digute herriz herri garatzen diren informazio eta erabakitze prozesuek. Errealitate bakoitzera egokituak eta benetan garrantzia duenetik arreta kentzen duten polemika antzuetatik aldenduta.
Horregatik, ekainaren 5ean, Goierriko 23 herri, Debagoieneko 8, Azkeitia, Aramaio eta Ispasterren entsegu orokorra egingo dute. Lan handia egin beharko dugu estreinaldi ofiziala lehen bait lehen izan dadin.