Baso Politikaren inguruan Urolako Hitzan berriki eman den eztabaidak bultzatu nau idatzi honen bidez EAren basogintzarako irizpideak argitzera ematera. Alderdi politiko batek beti erreparatu behar dio bere ibilbidearen eta gizartearen arteko loturari. Garapen eta eraldaketa etengabe horretan, hasiera bateko irizpide edota jarduna egokitzea normala bezain ezinbestekoa da.

Gai gehienetan egiten dugun bezala, basogintza arloari buruzko diagnostikoa egikari zientifikoetan oinarritzen dugu, hots, euskal akademiak argitara emandako datu zientifikoetan. Eta Jakitun gara noski, gaur egungo basogintza ereduaren inguruan sektore ekonomiko garrantzitsua eratu dela azken hamarkadetan. Baso Politika konkretu batek sortutako basogintza da gaur egun auzian dagoena; gero eta nabarmenago azaleratu direlako eragiten dituen inguruarekiko zein biodibertsitatearekiko kalteak eta baserritarrengan sortzen duen ziurgabetasuna.

Aukera aparta izan dugu banda marroiak sortutako gaitzetik onura ateratzeko. Pinuak moztu behar izan dira izurritea ekiditeko, eta hortaz, gure basoak birlandatu. Baso autoktonoak izateko aukera esku eskuan izan dugu, baina egun baso ustiapen enpresek darabilten eta Foru Aldundiek bultzatutako politikaren erruz, eukaliptoz bete dituzte basoak. Erabaki txarra, eta tamalez, basoen egoera zein zen oso jakitun izanik hartutakoa.

2020ko azaroan Eusko Jaurlaritzak “Naturaren Egoera Euskadin 2013-2018” txostena argitaratu zuen, (oraindik gaztelaniaz soilik eskuratu daitekeena) Natura ondarea eta Biodibertsitatearen egoera aztertzen duen txostena, Europar Batasunak hala aginduta bete beharrekoa, hain zuzen. Honen arabera, autonomia erkidegoek Europar Batasunaren intereseko habitat eta espezie moten kontserbazio egoera zaindu behar dute. Txosten honetan, hainbat datu interesgarrirekin batera, EAEko basoek jasaten duten presio eta mehatxuak zehazten dira, eta emaitzen artean hauxe: indarrean dagoen basogintza eredua eta honen atzean, hamarkadetan zehar ezarri diren baso politikak direla gure basoen mehatxu nagusia.

Eusko Jaurlaritzak du ingurumen eskuduntza, baina Basogintza Foru Aldundien eskumena da, Lurralde Historikoen Legeak 1983an hala arautua, oraindik berrikusi ez dena. Bai Gipuzkoa zein Bizkaia eta Arabako Foru Aldundietan PNV dago indarrean, PSEren laguntzaz gehiengo osoak lortuz, eta arlo honetan interes partikularrei men egiten diete behar izan orokorrari heldu baino. Hala, luzera karbono gehiago metatuko duten bertako basoen ordez, eukaliptoak zein beste konifero arrotzak landatzeko erabakia hartu dute; krisi klimatikoa apaltzeko balioko luketen zuhaitz espezie autoktonoak landatu ordez, eukaliptoz bete dute gure lurraldea.

“Eukaliptoak ingurunearekiko ondorio negatiboak ditu, bai Euskal Herrian zein penintsula osoan”. Hau da Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailak Euskal Herriko Unibertsitateari eta Aranzadi Zientzien elkarteari eskatutako txostenak ondorioztatu duena 2020ko uztailean. Australiatik ekarritako zuhaitz espezie honek espezie inbaditzaileen antzera dihardu, nahiz eta 2018an bai Eusko Jaurlaritzak baita espainiar gobernuak – txosten guztien aurka- izendapen hori ez onartu, eta horrela, egur enpresa zein basogintza sektoreari onurak ekarri.

Kontua ez da soilik inbaditzailea den ala ez, baizik eta urari, lurzoruari eta bertako bioaniztasunari eragiten dion kaltea. Eta hau, guztiz frogatua dago zientifikoki, akademikoki, eta batzuek onartu ez arren, politikoki ere. Hainbat eragile politiko, Eusko Alkartasuna tartean, eta gizarte zibila antolatzen ari dira eukaliptoaren hedapen izugarriaren aurrean-Azken hamarkadan laukoiztu da zuhaitz espezie honek okupatzen duen lurra Bizkaian-.

Gaia luzarotik aztertzen daramagu, eta proposatzen dugun baso politika lurraren estalki iraunkorra izango den baso continuum-a da; puzzle bat osatuz larre, nekazal ustiapen eta babestutako Natura 2000 eremuekin. Landaketa-soilketa sistematik, naturarekiko gertu dagoen sistemara jauzia emanez. ProSilva edo antzerako metodologiak dira honetarako aproposenak. Metodologia berritzaile hauekin, lurraren higadura, ziklo hidrologikoa eta bioaniztasuna zaindu eta bermatu ahalko genituzke, egur ustiapenari uko egin gabe eta basoak eman ditzakeen beste ekoizpen batzuk sustatuz ere.

100 urtetako baso politika abian jartzeko beharrezkoa da Aldundien konpromiso serioa; Lur publikoetan 30 urteetarako plangintzak eginez, norabide berria markatuz eta sektoreari bide berriak erakutsiz. Aldundietako eta udaletako mendietan, 30 urteetarako plana egitea baso landaketak bertako espeziez ordezkatzeko. Trantsizio honek diru sarrerak eta lanpostuak sortzen ditu, eta era berean eremu babestuak eta onura publikoko mendiek salbu, naturaren hurbileko baso kudeaketa frogatzeko erabili daitezke etengabeko ikerketa prozesuen bidez.

Erraza da bada; basogintzan ausartak izan behar gara, sektoreak entzunaz, baina gure ingurumenari kalte gehiago eragingo ez dion politikak ezarriz. Epe luzera ekinez eta bertokoa ereinez. Zuhaitz gehienak gu baino lehenago baitaude planeta honetan, eta gu baino gehiago iraun behar dute.

Artikulu hau, 2019ko otsailean Villabonan ospatu genuen eztabaida saiotik eratorria da: XXIko Euskal Herriko Basogintzaren erronkak. Hemen,informazio gehiago: http://www.alkartasunafundazioa.eus/2019/02/22/basogintzaren-erronkak/

Roke