Iker Ruiz de Egino eta Iria Epalza, Eusko Alkartasunako bozemaileak eta Komunikazio arduradunak prentsaurrea egin dute gaur ikasturte politikoaren balantzea egiteko. Ikasturtean, adierazi dute, gizartea izan da ikasturteko protagonista nagusia, eta, ikusteko dago izan ditugun berriek aldaketak sortzen dituzten edo mugimendu hutsak diren.
Zer emango duen ez dakigun berrietako bat Madrilen eman den Gobernu aldaketa da, argi dagoenez. “Kongresuko gehiengoa elkartu da ustelkeria politikatik kanporatzeko”, esan dute Epalzak eta Ruiz de Eginok. Azaldu dutenez, Exekutibo berriarekin “eztabaida eta elkarrizketa hartu ditugu berriz ezberdinen arteko zubigintzarako tresna nagusi gisa”. Alderdiko ordezkariek argi ikusi dute Gobernu aldaketa Espainiarentzat aldaketa ona izan dela baina “Euskal Herriaren egoera ez da aldatu”.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzia ere ikasturteko giltzetako bat bezala definitu dute. Zentzu horretan, “alderdi politikoek gure lana egin dugu eta gure lana izan da akordio minimoa lortzea eta gizarteak erabaki politikoen lidergoa har dezan oinarriak jarri. Hori eginda, jendartearen ordua da orain”, azaldu dute.
Akordioak gehiengoaren borondatearen isla izan behar da, erabat demokratikoki “guztion proiektu politikoak demokratikoki defendatzea eta gauzatzea ahalbidetzen duelako”. Izan ere, “Estatutuak ez du funtzionatu eta hurrengo 30 edo 40 urtetan euskal gizarteak izango duen oinarri legala ezarri behar da”. Eta guztia “ETArik gabeko testuinguruan”, gogoratu dute Epalzak eta Ruiz de Eginok: “alde batetik, gatazka politikoak jarraitzen duen testuinguruan eta, bestetik, ETA osteko elkarbizitza eraiki behar den unean”.
Aldaketa erreala eman den bi esparru daudela esan dute EAko ordezkariek: Ipar Euskal Herria eta Nafarroa. Iparraldean, Elkargoaren sorrerarekin eta Nafarroan sendotu egin den aldaketarekin. Benetakoak diren aldaketa horiekin frogatzen da, Ruiz de Egino eta Epalzaren ustez, “etorkizuna Euskal Herriko gizartearen esku dagoela, ez hemendik 500 km baino gehiago daudenen eskuetan”.