Eusko Alkartasuna: “ETAren mamua berpizten saiatu da berriro Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza”
Guardia Zibilik gabeko euskal gizartea eraiki nahi izateko aldarrikapenak erabateko zilegitasuna duela eta demokratikoa dela adierazi du Eusko Alkartasunak. Gernikako Estatutu eta Amejoramenduaren Legearen arabera Ertzaintza eta Foru Polizia dira bertako poliziak, ez Guardia Zibila. Horrela, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskaria errefusatu du Eusko Alkartasunak, are gehiago aurreko urteetan inoiz ez dela, interesatutako polemiketaz gain, inolako arazorik egon kontutan izanda.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Altsasun esku hartu nahi du berriro ere interesatutako polemika eta ondoeza sortzeko, “Euskal Herrian erabateko ospe txarra duen polizia militarizatua tokirik ez duen herria aldarrikatzen den jai giroko protesta ironikoa aprobetxatuz”, Eusko Alkartasunak salatu duenez.
Alderdiaren ustez, oso arriskutsua da “ETAren mamua berpizten saiatzea, zilegiak diren aldarrikapen politiko eta sozialak euskal gizarteak lurperatu zuen desagertutako erakundearekin lotuta”. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren ekimenak, “kutsu politiko nabaria du, eta polemika baino ez du sortzen dagoeneko Espainiar justiziak kaltetutako herrian”. EAk “Altsasuko herria bakean uzteko” eskatu du berriro.
“Euskal Herriaren bakea eta desmilitarizazioa defendatu du Eusko Alkartasunak beti, eta mugimendu horiek aldarrikapen bera egiten dute. Estatu espainolean gizarte desarmatu eta desmilitarizatua aldarrikatzea delitua bada, ezin da estatu demokratikoa dela esan”.