Juanjo Agirrezabalak salatu du konstruktora asko krisia baliatzen ari direla hitzarmen kolektiboez kanpoko lan-baldintzak inposatzeko. Inspekzioak eta kontrol neurri zorrotzak eskatu dizkio Jaurlaritzari, sektoreko langileen eskubideak errespetarazteko.
Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eta “Eraikuntza sektorean EAEn indarrean dauden lan-hitzarmenen betetzea bermatzeko behar diren inspekzio eta kontrol neurri guztiak har ditzala” eskatu dio Jaurlaritzari. Jaurlaritzak sektore horretako langileentzako lan-baldintza duinak bermatzea eta legeak agindutako segurtasun neurriak benetan aplikatzen direla ziurtatzea lortu nahi du EAko bozeramaileak bere proposamen honen bidez.
Agirrezabalak salatu duenez, konstruktora asko krisi ekonomikoa baliatzen ari dira langileei Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden hitzarmen kolektiboak urratzen dituzten lan-baldintzak inposatzeko. Bere esanetan, “krisia eta prekarietatea baliatzen ari dira langileen duintasunarekin baino gehiago pertsonen esplotazioarekin zerikusia duten lan-baldintzak inposatzeko, hala nola, lan-jardunaldi amaigabeak oso soldata txikien truke”.
Hori ikusita, EAko legebiltzarkideak presazkotzat jo du gehiegikeria horiekin amaitzea, eta zeregin horretan Jaurlaritzak duen ardura nabarmendu du. “Jaurlaritzak ezin ditu begiak itxi eta egoera hori ontzat eman; eskura dituen tresna guztiak erabili behar ditu Eraikuntza sektoreko hitzarmen kolektiboak betearazteko eta hitzartutako lan-baldintzak errespetatzen ez dituzten enpresei zigortzeko”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna