EAko buruzagiak azpimarratu duenez, AVTk jarritako salaketak ´ez du ez hanka ez bururik´ eta ´kutsu politiko nabaria du´. Dena dela, Pablo Isasiren kontrako auziak aurrera jarraitzekotan, alderdiak ´bere esku dagoen guztia egingo du´ alkatearen alde Begoña Errazti EAko presidenteak azpimarratu duenez, Pablo Isasi Amurrioko alkateari terrorismoa goraipatzearen delitua egoztea eta haren kontrako salaketa jartzea ´ez da bidezkoa eta gainera, gezurra da´. Isasi Auzitegi Nazionalean izan da gaur AVTk aurkeztutako kereilaren harira deklaratzen.
Erraztik nabarmendu duenez, tankera honetako egoerek ´frankismo garaikoak dirudite´. ´Badira epaiketa, akusazio eta kereila batzuk garai bateko molde frankista barregarriaren neurrikoak direla: loreontzi berde batean lore gorriak izateagatik kriminalizatzen zituzten horietakoen tankerakoak´.
Galdeketara lagundu du Isasi Eusko Alkartasuneko buruzagiak eta bertatik ateratzean esan duenez, Amurrioko jaietan herriko bi bizilagun (ETAko preso) omentzeagatik AVTk jarritako salaketak ´ez du inongo zentzurik eta gertakarien manipulazio ikaragarria da, gainera´.
Jakina denez, EA indarkeriaren kontra eta giza eskubideen alde dago eta Erraztik azpimarratu duenez, ´abuztuaren 11an jazotakoak jaien garapen normalari dagozkio eta bertan ez zen terrorismoa goraipatu´.
Kutsu politikoa
EAren presidentearen iritzian, AVTren kereilak ´ez du ez hanka ez bururik´ eta ´kutsu politiko nabarmena du´; horrez gain, ´euskal indar politiko baten kriminalizazioa´ da. Salatu duenez, Auzitegi Nazionala ´salbuespen tribunala da, badirudi Euskadiri begiratzen diola bakarrik eta epaiketak egin eta kereilak onartzen ditu behin eta berriz´.
´AVTk aurkeztutakoa tramitatzea, baina, onartezina da; elkarte honek kereilak jartzen ditu mundu guztiaren kontra baina ez du lekukorik eta ez du argudiorik´, nabarmendu du.
Horren harira, Isasiren kontrako auziak aurrera jarraitzekotan alderdiak ´bere esku dagoen guztia egingo du´ alkatearen alde.
Jatorria: Begoña Errazti