´ETA eragile politikoa´ ez dela esan du Eusko Alkartasuneko presidenteak. Alderdiek euren lana egiten ez badute, ´ETAri garrantzia´ ematen ari zaiola gaineratu du. ETAk su-etena iragarri ondoren, Euskal Herrian abiatutako prozesuan PSOE ´oso baldintzatuta´ eta hauteskundeen emaitzak direla eta ´beldurtuta´ dagoela uste du Begoña Errazti EAko presidenteak.

Hauteskundeei begira dagoenez, ´atzerapausoak´ eman dituela edo ´gauzak geldiarazi´ dituela esan du Erraztik Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan.

´Guztiok eman behar ditugu pausuak prozesuak bizi duen krisia gainditzeko eta euskal alderdi politikoek erantzukizun berezia dute´, esan du eta deitoratu PSOEk ´bide horretan aurrera egin beharrean, atzerapausoak´ eman dituela.

PSOEk prozesuan duen erantzukizuna aipatu du EAko presidenteak eta ETArekin elkarrizketari berriro heltzeko eskatu dio, ´denok dakigulako ETArekin hitz egiten jarraitu behar duela´.

Indarkeria alderdien mahaia ez abiatzeko aitzakia bezala erabiltzea kritikatu du Erraztik, bere ustez, horri heldu behar baitzaio gatazkari konponbidea emateko lehen urrats bezala.

ETA

Bestalde, EAko buruak esan duenez, ´ETA ez da eragile politikoa, baina prozesua zaintzen saiatu da, alderdien mahaia zuzentzen, eta alderdiok ez badugu ezer egiten ETAri garrantzia ematen ari gara´.

Batasunari ere zuzendu zaio, prozesuan parte hartu behar duela esateko: ´Anoetan beste batzuek genuen diskurtsoarekin bat egin zuen, alegia, bide politikoak direla gauzak defendatzeko eta gure herriak aurrera egiteko bidea´.

Horren ildoan, Batasunari dagokio diskurtso hori praktikan jartzea, Erraztiren aburuz: ´Horren esan nahi du gizarteari helarazi behar diola mota horretako ekintzak ez direla bidea eta erabat desegokiak direla prozesua bultzatzeko´.
Jatorria: Begoña Errazti