Batasunari exijitu dio “istiluak justifikatze eta presio estrategiak alde batera uztea” Begoña Errazti EAko presidenteak esan du bake prozesua “atariko fasean” dagoela une honetan eta guztia ez dagoela “ez diseinatua, ez lotua ezta itxia ere”. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari esan dio amaitu dela “irribarreen eta hitz onen garaia” eta “konpromisoak” behar direla gaineratu du.
Erraztik Tafallan hitz egin du Alkartasun Egunaren amaieran, 2.000 lagunen aurrean. Bere hitzaldian, EAko buruak zehaztu du “atariko fasea” “elkarrizketarena” dela eta hurrengoa “alde biko eta alde anitzetako elkarrizketa” izango dela. Horren ondoren, “fase erabakitzailea” etorriko da, Alderdien Mahaiarena, alegia, eta puntu horretan “indarkeriaren amaiera” etorriko omen da. “Puntu horretan garbi izango dugu esfortzuak zentzua izan duela eta orduan hitz egingo dugu amaierari buruz” esan du Begoña Erraztik.
Puntu horretara iristeko “aukera paregabea” dagoela uste du politikari abertzaleak, “ETAren ezta Madrilen tutoretzarik gabe”, baina horretarako, Batasunak “presio estrategiak eta erasoen justifikazioak alde batera utzi” behar dituela eta Gobernu zentralak “konpromisoak” hartu behar dituela gaineratu du.
Rodriguez Zapatero presidentziara iritsi zenetik “gauzak ez dira aldatu” Erraztiren ustez, ez behintzat Alderdien Legearen aplikazioari dagokionez, ez “makro-epaiketetan”, ezta Auzitegi Nazionalaren jardunean ere, “salbuespen politikoko auzitegi bihurtu den horretan”. “Horregatik, horiek badira PSOEren bake-emariak ez dugu gauza gehiegirik ikusten” esan du Erraztik.
Subiranotasunean aurrera egin
EAk buruzagiak adierazi du “gatazkaren gakoa definitua” dagoela jada: “euskal nazioaren aitorpena”, eta horregatik, “euskal gizartearen erabakia errespetatzetik” etorriko dela irtenbidea zehaztu du. “Bakegintzan baino gehiago subiranotasunean egin behar dugu aurrera” esan du Erraztik. Ildo horretan, helburuak ondoko ordenean lortu behar direla zehaztu du politikariak: lehenengo Estatutu berri bat, gero autodeterminazio eskubidearen errekonozimendua, eta azkenik, independentzia.
Ekitaldi berean hitz egin du Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiak ere, eta “erabakitzeko eskubidea” aldarrikatu du. Gainera, “behin eta berriro ukatzen badigute Espainiarekin haustea beste erremediorik ez dugu izango” esan du jarraitzaileen aurrean.
Alkartasun Egunean izan dira, bestalde, ERC, BNG, CHA, Partido Socialista de Andalucia, Partido Andalucista, Andecha Astur, Union Democratique Breton eta Fronte Polisarioko ordezkari politikoak ere.
Jatorria: Begoña Errazti