Datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, EAJ eta EA koalizioan joateko negoziazioak blokeatuta egotearen ardura EAJren «itxikeriari» leporatu zion atzo EAko presidente Begoña Erraztik. Adierazi zuenez, «une honetan bi alderdien artean ez dago negoziaziorik», biek ala biek dituzten plateamenduak «oso desberdinak» direlako, eta elkarrizketetan EAJ «malgutasun gutxi» erakusten ari delako.
Gainera, iritzi zion EAJk koalizioan joateko jartzen dituen baldintzak «onartezinak» direla EArentzat, jeltzaleek koalizioa «globala» izatea nahi dutelako. Erraztiren irudiko, «ikuspegi hori ez dator bat errealitatearekin, ezta EAren benetako ordezkaritzarekin ere». EAk EAJrekin eta beste alderdi batzuekin negoziatzeko asmoa duela esan zuen Erraztik, betiere «distentsio» egoera batean izaten bada.
Begoña Lasagabaster Espainiako Kongresuko EAko diputatuak ere aitortu du bi alderdien arteko akordioa «zaila» izango dela, «herriaren egitasmo eta lurraldearen errealitate guztiak egokitu» behar direlako. Ildo horretan, iritzi zion Eusko Alkartasunak ezin duela «eroso» egon bere ideologia islatzen ez duen proiektu batean.
Jatorria: Begoña Errazti