Eusko Alkartasunak bat egiten du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartetik asteburu honetarako egindako manifestazio deialdiekin. Manifestazio horien helburua da errefuxiatuen eta babes bila doazen pertsonen egoera latza salatzea; hala nola Grezia, Balkanak, Turkia, Ceuta eta Melillako mugetan bizitzen ari diren egoera larrien aurrean erantzun sendoa ematea.
Eusko Alkartasunaren ustez “euskal gizarteak ez du beste aldera begiratu nahi egoera gizagabe honen aurrean. Azpiegiturak ditugu pertsona hauek artatzeko, gogoa ere bai, eta beharrizana dago gizalegea ezartzeko egoera inhumano honen aurrean. Hau salatzeko asteburu honetan Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak antolatutako manifestazioetan parte hartuko dugu”. “Giza eskubideetan sinesten dugun guztion erantzukizuna da egoera hau salatzea, bai eta gerrengatik, pobreziagatik, indarkeriagatik beren jatorrizko lekutik alde egin behar duten pertsonen eskubideen urraketaren aurka gogor agertzea”.
“Errefuxiatuek azken asteotan Greziako Poliziarengandik eta talde neofaxistengandik jasan dituzten eraso larriak salatzea ezinbestekoa da; baita Europako Batasunak hartu duen paperaren aurrean gure ezadostasuna azaltzeko momentua ere”.
Horregatik, Eusko Alkartasunak herritar guztiak animatzen ditugu hurrengo egun eta orduetan egingo diren manifestazioetara joan daitezen: martxoaren 14an, 18:00etan, Bilbon (Moyua plaza), Iruñean (Autobus geltokian) eta Donostian (Boulevard) izango dira, eta martxoaren 15ean, Gasteizen, 13.00etan Artiumen.