Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Gabonetako mezua Euskal Herrian ireki den denbora politiko berriari ez egokitzea egotzi dio espainiar erregeari. Krisiaren aurkako haren proposamena neurri neoliberalak babestea dela salatu du, sakrifizioak betikoek, gutxien dutenek, hain zuzen ere, egin behar izan ditzaten.
Espainiar erregearen Gabonetako hitzaldia entzunda, “argi geratu da berak ere ez dakiela nola erantzun Euskal Herrian ireki den denbora politiko berriari”, adierazi du Juanjo Agirrezabalak. Bere iritziz, “euskal independentismoak bide baketsu, politiko eta demokratikoen alde egin duen alde bakarreko apustuak espainiar klase politikoa jokoz kanpo utzi du, eta Errege-Etxea ez da salbuespena izan”. Ildo horri jarraituz, EAko legebiltzarkideak erregeari egotzi dio “haren mezua denbora politiko berri honi egokitzeko gauza ez izatea; ez du Euskal Herrian dagoen bake itxaropena aintzat hartu eta hitzaldi zaharra eta hutsa egin du, beste garai bateko hitzaldia egin du, bakerako eta normalizaziorako bidean ezer ez dakarren hitzaldi bat, alegia. Antza, erregeak ez daki, berea bezalako mezuak entzunda ere, gure herrian bakea gero eta hurbilago dugula”. Hori dela eta, Agirrezabalak ETBk mezu hori eman izana deitoratu du, “euskal gizarteari ez diolako onik ekarri; Mr. Bean-en kapitulu bat aberasgarriagoa izango zatekeen”.
Egoera ekonomikoari buruzko erregearen gogoeta ere ez da EAko legebiltzarkidearen gustuko izan, “krisiari aurre egiteko haren proposamena Zapateroren Gobernua Europako Banku Zentralaren babesarekin, sindikatuak eta ezker osoa kontra egonda, bultzatzen ari den neurri eta erreforma neoliberalen alde egitea delako”. Agirrezabalaren esanetan, “erregeak hasitako bide horri eustera dei egiten duenean, neoliberalismoaren tesiak bere egiten ari da; horregatik ez da onargarria berak jendeari sakrifizioak egin ditzala eskatzea; aski da sakrifizioak beti betikoek, gutxien dutenek, egin behar izatearekin, krisiaren benetako errudunak gobernuen aldetik sekulako laguntzak jasotzen ari diren bitartean”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna