EAk ETBko zuzendaritzaren erabakia gaitzetsi du Erregearen hitzaldiak garrantzi informatiborik ez duelako, eta hori bezalako arazo txikiekin denbora alferrik galtzeko arriskuaz ohartarazi du, horretan ari garen bitartean Euskal Herriko benetako arazo handiek konpontzeke jarraitzen dutelako.
Gabon gauan espainiar Erregearen mezua emateko ETBko zuzendaritzaren erabakia salatu du Jesus Mari Larrazabalek, “modu horretan PSE eta PP beste urrats bat ematen ari direlako EAE espainolizatu nahian; aldaketa politikoaren beste ‘berrikuntza’ bat da. Aldaketa horrek isla dauka hainbat arlotan eta orain ETBn ere izango du Erregearen mezuarekin”. EAko legebiltzarkidearen iritziz, “erabaki desegokia da Erkidego honetako biztanle gehienen sentimenduen kontrakoa delako”.
Gainera, buruzagi independentistak adierazi duenez, “Erregearen hitzaldiak ez du inolako garrantzirik ikuspuntu informatibo batetik, beste kate publiko eta pribatu batzuek ere emango dutelako; beraz, ETBk ere emateak ez du inongo justifikazio informatiborik”. Hori dela eta, uste du Larrazabalek, “egun horretan EiTBko zuzendaritzak susto txiki bat hartuko du, ikusle kopurua nabarmen jaitsiko delako; ez da inolako kanpainarik behar jendeari ETB itzal dezala eskatzeko, herri honetako jende askok modu naturalean horixe egingo duelako, ez baitu Erregearen mezua entzuteko interesik”.
Dena dela, EAko legebiltzarkideak dramatismoa kendu nahi dio polemika honi, “hau ez delako hil ala biziko arazo bat”. Are gehiago, ildo horri jarraituz, “hau bezalako arazo txikiekin denbora alferrik galtzeko arriskuaz” ohartarazi du, “horretan ari garen bitartean Euskal Herriko benetako arazo handiek konpondu gabe jarraitzen dutelako”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna