“Urdina itsasoari Irailak eman zion” dio Benitoren poema eder batek. Gure arlora ekarrita, “Erronka politikari Irailak eman zion” moldatu genezake bertsoa, hilabete honetan jartzen baitira kurtsoko helburu nagusiak, betebehar garrantzitsuenak eta helmuga handizaleenak.
Aipa dezaket, eta egia borobila da Legebiltzarrean eztabaidatzen gabiltzan Autogobernu ponentzia legegintzaldia bukatu baino lehen onartzea denboraldiko “must” bat dela.
Aurrekontuen aurkezpena, eztabaida eta hauen onarpena edo luzapena ere izango da azterketa gogorra politikoki, entzumen asko eta gerri gehiago eskatuko dizkiguna. Eta noski, esan gabe doa maiatzeko udal, foru eta europar hauteskundetan emaitza onak –hoberenak- ateratzea zein beharrezkoa den.
Baina euskal gizarteak datozen urteotan jokatzen duen partida 9 hileko erronka baino askoz sakonagoa, serioagoa eta hein batean, atzerabueltarik ez duena da; Aldaketa politiko eta sozioekonomikoa gure eskuetan hartu ala geroz eta ezberdin, injustu, zeken eta lausoa den egoera batetarantz amildu.
Guk argi daukagu Ongizate estatua bermatzeko, justizia sozialean eta burujabetza politikoan oinarrituta dauden erakunde eta gizartea egikaritzeko Herri Ikuspegia ezinbestekoa dela. Alderdikeriak alde batera utzita, herritarren eta Herriaren duintasuna, askatasuna eta ongizatea bermatuko dituen esparru berria zirriborratu behar dugu eragile guztien artean. Nahi duenak badu ekarpena egiteko lekua, hau bidaia luzea izango denez, hobe eroso sentitzea. Eta ez duenak nahi, behintzat ez dezala oztopatu.
Hemen eta orain, Herri honek behar duena elkarlana da. Politikarien, mugimendu sozialen, erakundeen, sindikatuen, artisten, akademiaren… arteko elkarlan zintzoa. Lizarra-Garaziko garaitik 20 urte igaro dira, eta denbora horiek dakartzagu gogora “lehen egiten ziren gauza garrantzitsuak, bai horixe” nostalgiaz beteriko bokadillo batean. Baina lehen, arazoak arazo –ETA-, oztopoak oztopo –PSE, PSN, PSOE- lortu genuena, orain, egoera errazagoa denean, posturak arinagoak direnean eta dugun markoa hertsi eta uzkurrago geratzen zaigunean (PP da 79ko estatutuan ondo sartzen den alderdi bakarra, pentsa!) batzuk dardarti daude, udazkenean hostoak zuhaitzetan bezala.
Nahi partidista baten apetak, ezin du inolaz Herri gisa aitortua zaigun eta herritar gisa berezko dugun erabakitze eskubidea urratu. Erabakia demokratizatu nahi dugu, guztiok izan gaitezen erantzule eta guztiok izan dezagun zer esana eta zer egina gizartean. Hori da Herri Ikuspegia izatea, eta horrek behar du iparrorratz izan jarduera politiko guztietan. Gure begiak tinko daude zabalik, eskua luzatuta eta pausoa egonkor. Burujabetza eta justizia soziala lortzeko bidea zaila da, badakigu, eta hamaika bidezidorretan galduko gara, baina helmuga hor jarrita daukagu, eta erantzukizunez jardungo dugu bidaian zehar, orain arte egin dugun bezala.
Herri Ikuspegia izanik, eta erantzukizunez jardunez, posible da Nafarroan Aldaketaren gobernua egonkortzea; eraldaketa politiko eta sozialak egin direlako, baina oraindik sakondu behar dugulako behin-behinekoa behin-betiko izan dadin. Herri ikuspegia izanik eta erantzukizunez jardunez, posible da aurrekontu batzuk onartzea, Jeremy Corbinek dioen bezala “For the many, not for the few” izango direlako aurrekontuok.
Herri Ikuspegia izanik eta erantzukizunez jardunez, posible da Herri hau berak erabakitzen duen tokira heltzea, orduan izango baita libre; hori da gure erronka.
Iria Epalza Markoartu
Eusko Alkartasunako Komunikazio Idazkaria