El secreterio general de Eusko Alkartasuna ha corrido, junto con Oskar Matute, portavoz de Alternatiba, el kilómetro de la Korrika de la coalición electoral Bildu.
Bildu osatzen dugunontzat gaurkoa ezinbesteko hitzordua da. Gaur Donostian euskaldun eta euskaltzale guztiok hitzordua dugu Korrikarekin, festarekin, euskararen aldeko lasterketaren amaiera ospatzeko, baina baita ere hitzordua dugu, batez ere, euskararen aldeko aldarrikapenarekin, euskaldun guztion eskubideen defentsarekin. Horretarako dago hemen Bildu, euskarara biltzeko.
Korrikaren antolatzaileei eta AEKri gure esker ona adierazi nahi diogu, eta beraiei zein euskaldun eta euskaltzale guztiei esan nahi diegu Bildun euskararen alde tinko lan egiteko konpromisoa dugula, maiatzaren 22tik aurrera udaletxeetatik, batzar nagusietatik eta aldundietatik bultza egingo dugula Euskal Herri euskalduna lortzeko, herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria lortzeko. Horixe da Bilduren helburua, horixe izango da gure eguneroko jardunaren iparorratza.
Euskara Euskal Herriaren nortasunaren oinarrizko adierazle dugu; euskara da euskaldun egiten gaituena, eta instituzioetatik tresnak eta baliabideak eskaini behar ditugu hori horrela izan dadila ahalbidetzeko. Lehena, ofizialtasuna. Euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herri osoan, Ebrotik Aturriraino. Onartezina da euskaldunok bigarren mailako herritarrak izatea Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere bai, hemen ere praktikan Administrazioak ez dituelako gure eskubideak babesten.
Euskaldunok gure hizkuntza arlo guztietan aukera berdintasunean erabiltzeko eskubidea izan behar dugu, ez gehiago, baina ez gutxiago. Baina hori inoiz ez da posible izango euskara eta euskaldunok mespretxatuz, orain Jaurlaritzak egiten duen bezala. Euskara, bere txikitasunean, bere handitasunean, mundu osoari eskaintzen diogun altxorra da, kultura eta hizkuntza dibertsitateak aberastasuna dakarrelako. Horren alde egiten du Bilduk, dibertsitatearen alde, mundu globalizatu honetan uniformetasun grisetik ihes egin behar dugulako mila koloretako gizarte aberatsa eraikitzeko.
Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatu du, beti aurrera euskararen alde, gelditu gabe, eta oztopoak aurkitu dituenean, gainditu egin ditu. Horixe bera egin nahi dugu Bilduko gizon-emakumeok ere: gure mezua, bakearen alde, normalizazio politikoaren alde, euskararen alde, gizarte-justiziaren alde, Euskal Herri osoan zehar hedatu eta zabaldu nahi dugu, beti aurrera, etorkizunari begira; eta bidean aurkitzen ari garen oztopoak, ez izan zalantzarik, Korrikak bezala, geuk ere gainditu egingo ditugu.
Lasterketari ekiteko prest gaude, eta ziur gaude helmugara arrakastaz iritsiko garela, horretarako bermerik onena dugula jakin badakigulako: euskal gizartea bera. Gu geu gara, herritar guztiok, geroa eraikitzen eta bermatzen ari garena, euskararen geroa, gaur Donostian egiten ari garen bezala, eta baita ere euskararen herriaren geroa. Horretarako jaio da Bildu, Euskal Herriaren geroa, sekulako etorkizun oparoa, bermatzeko. Horixe da gure konpromisoa.
Fuente: Eusko Alkartasuna