LOHITZUNE TXAROLA Lohizune Txarola, militante de EA y presidenta de las Juntas Generales de Gipuzkoa, reivindica en este artículo publicado en ‘Berria’ el valor del consenso en la política. “Cuando las decisiones se toman por consenso y con el acuerdo de todos encuentran su verdadero valor; nos sitúan a todos en el mismo lado”.

XIV. mendetik, gipuzkoarrak batu egiten gara guztioi eragiten diguten arazoak aztertu, eztabaidatu eta irtenbidea aurkitzeko. Hasierako garai haietan ermandadeetan, eta gero lurralde osora zabaldu zen elkarte edo aliantzan. Bilkura horiek sedentarioak ziren, esan nahi baita herrien zerrenda bati jarraikiz antolatzen zituztela bilerak, orain hemen, hurrengoa han.

Garai hartako herritarrek zuzenean aukeratzen zuten ordezkari bat, gehienek begi onez ikusten zutena; zintzoa, leiala eta alderdikeria handirik gabekoa. Batzar Nagusietako bilkurara joateko dirurik bazuen askoz hobe, noski. Bestela, denon artean, askotan hainbat herriren artean jasotzen zen diru poltsarekin ekiten zion herriko ordezkariak bidaiari.

Hori zen Batzarkidearen betebeharra: zintzotasunez eta ikuspegi zabal batekin herritarren kezka nagusiak Batzar Nagusien aurrean azaltzea, eta, bueltan, bertan erabakitakoa herritarrei adieraztea.

Guk, politikagintzan ari garenok, eguneroko lanean hori present izan behar dugu; izan ere, zuzen-zuzenean batzarkide eta zinegotzi bakoitza hamaika herritarren begiak, belarriak, ahoa eta batez ere gizalegea gara. Eta ez dezagun ahaztu, bada, guk ordezkatzen ditugula herriaren eta herritarren nahiak. Horrek herri gisa pentsatzera eta ekitera behartzen gaitu, ez gizabanako edo alderdi gisa soilik. Izan ere, herritarren beren nahimen politikoaren pertsonifikazioa gara.

Bilera ibiltariak udalerri bakoitzari ematen zion garrantzia, protagonismoa eta presentzia, baina era berean horien arteko berdintasuna ere goraipatzen zuen. Herri guztiek dute balio bera, denek garrantzi bera dute, eta beraien ahotsak ere bai. Hiri handiak ez dira txikiak baino gehiago, eta zergatik? Arrazoi bakarragatik. Herritar bakoitzak duelako bere ahots propioa, eta 300 biztanle izan edo 30.000, denek dute bere herriaren, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren interesen inguruan zer esan. Berdintasunaren adibide garbia.

Izan berri dugun bilerako gaia oso aproposa da Bilkura ibiltarian aztertzeko: Udal zergen esparruko Foru Arauari moldaketak egitea udalek, hala nahi izanez gero, zerga bidez aberastasun ekonomikoa herriaren onurarako finantza iturri bihur dezaten, eta beraien eskuduntzapean kudeatu ditzaten herriaren eta herritarren ongizaterako.

Izan ere, Udalak dira edozein lurraldetako instituziorik garrantzitsuenak: herritarren taupada sentitzen dutenak, herritarrengandik gertuen daudenak eta herritarrek gehien ulertzen eta erabiltzen dituztenak.

Gipuzkoa 88 udalerriz osatua dago.Udalbatza bakoitzak ondo daki zeintzuk diren herritarren beharrak eta herriaren arazoak. Herritarrek azaltzen dizkietelako zuzenean. Eta arazo horiek kudeatzeko zenbat eta askatasun handiagoa izan, hainbat hobe. Batzuetan, baina, arazo berak suertatzen dira hainbat herritan, eta indarrak metatzea zinez onuragarriagoa gertatzen da, bakarka borroka egitea baino. Hori da Batzar Nagusien oinarri eta erroa. Gipuzkoako herri eta hiriak, modu horretan Gipuzkoako lurralde osoa, eta hein batean Euskal Herria ere aurrera aterako dituzten politika horiek bultzatzeko, baina, erakunde ezberdinak hartu behar dira kontuan. Eta alderdikeriak albo batera utziz, herri ikuspegia jarri eta instituzio gisa lan egin behar da; herri gisa, hain zuzen.

Familia eta lagunartetik hasita Nazio Batuen Erakundea bezalako instituzio gorenetaraino, badago argi eta garbi eduki behar dugun zerbait: erabakiak kontsentsuz eta denon onarpenez hartzen direnean, benetako balioa duten erabakiak direla, denok alde berean lerrokatzen gaituztenak. Horretarako, ezberdinen arteko eztabaida beharrezkoa da; ez dago beste modurik. Euskaldunok ondo islatzen gaituen esaera batek halaxe dio: Zenbat buru, hainbat aburu. Hori beharrezkoa ez ezik, aberasgarria ere bada zeharo. Zaila izan daiteke bateratzea, baina horrek are aberasgarriagoa, sendoagoa eta osatuagoa egingo du erabakia.

Gure jarrerak gizartearen isla izan behar du, eta aldi berean adibide. Erakundeetan alderdi politikoak bata bestea zangotrabatzen ibiliz gero kooperatu ordez, mezu hori helarazten diegu herritarrei. Eredu horrek ez gaitu inora eramaten. Bakoitzak bere bideari ekinez gero, bidaia ez da luzerako izango. Ekarpenak eta zuzenketak egiten badizkiogu bide berari bai, ordea.

Proposamen baliagarriek gipuzkoar eta euskal herritar guztiengan izango duten eragina baloratu behar dugu, ez nork egin duen, nondik atera den edota nor sarituko duten begiratu. Eta ardura eta erantzukizuna dira hori lortzeko osagarriak. Ardura eta erantzukizun politikoa; guri eskatzen zaiguna, eta guk herriari zor dioguna.

LEE EL ARTÍCULO EN BERRIA.INFO 

Fuente: LOHITZUNE TXAROLA