Begoña Errazti en Berria Orain arteko harremanak sakontzea ere izan du helburu EAk AEBetara egindako
bisitan
lierni alkorta
Eusko Alkartasuneko lehendakari Begoña Errazti AEBetan izan da hamabi bat
egunez, «orain arteko harremanak sakontzen, eta batez ere oraingo egoera
kontuan izanik Euskal Herriko bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren
inguruan Euskal Herrian egiten ari diren urratsen berri ematen». New Yorken
eta Washingtonen, Euskal Diasporako, Alderdi Demokratako, Bake Institutuko
eta Columbia Unibertsitateko kideekin bildu da Errazti.
Bake prozesuaren harira, Columbia Unibertsitatean mintegi bat eman du
Erraztik. Bertako ikasle nahiz irakasleei zuzenduriko mintegian, «bake
prozesua, normalizazioa eta oraingo egoera Euskal Herrian izan nituen
mintzagai», azaldu du Erraztik. Mintegiaren garrantzia handia dela deritzo,
«gaian sakontzeko aukera eskaintzen baitu».
«Bake Institutua erakundean, bestalde, gatazken konponbidean adituak dira,
eta Euskal Herrian zertan dihardugun aztertu genuen». Bertan, euskal
hezkuntzaren inguruan duten ustea oso interesgarri deritzo Erraztik. «Euskal
Herrian dugun bakerako hezkuntza goraipatu zuten eta hori beste hainbat
gatazkatan ez dutela ikusi nabarmendu zuten bertako kideek».
Euskal Diasporari dagokionez, Erraztiren arabera, «diasporaren nahiak eta
beharrak ikusten izan gara, euskaldunek leku bakoitzean behar duten hori
aztertzen». Kultura eta hizkuntza alorreko harremanak indartzeko saioa ere
izan da bisita, «baina baita harreman ekonomikoak posible egiteko ere».
«Ezinbestekoa da mundu globalizatu honetan harreman horiek heziketan
oinarritzea eta Euskal Herritik bultzatu behar dugu, eta hori Eusko
Jaurlaritzak gauzatzeke duen lana da», azpimarratu du EAko lehendakariak.
Alderdi Demokratako ordezkariekin izandako bilerak ontzat jo ditu, «nahiz
eta kontraste politiko handia ikusi dugun hainbat alorretan».
Erakunde orotan harrera ona izan duela onartu du Erraztik, «orain arte,
Aznarren eraginez bereziki, Euskal Herria terrorismoarekin lotzen zuten eta
modu txarrean ikusten gintuzten», baina orain beste giro bat sumatu du.
SENATARIAK ERE AEB-ETAN. Espainiako Senatuko ordezkaritza bat ere AEBetara
joan da. Senatuko presidentea, Senatuko Mahaiko hiru kide eta zazpi talde
parlamentarioetako kide bana joan dira AEBetara, horien artean EAJko Joseba
Zubia senataria.
Washington, New York eta Chicagora egindako bidaiaren xedeetako bat AEBetako
parlamentarien eta Espainiako ordezkarien arteko harremanak hobetzea izan
da. Horretaz gain, NBErekin eta NDFko zuzendari Rodrigo Ratorekin ere bildu
dira. Ondorengo egunetan enpresari espainiarrekin eta Chicagoko Udaleko
alkate zein zinegotziekin ere biltzekoak dira.
Fuente: Begoña Errazti