Pello Urizar, secretario general de Eusko Alkartasuna, participará en el acto central de campaña de ERC.
Egunon eta eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik.
Euskal Herria eta Katalunian garatzen ari diren prozesu independentistak eta horiei Estatua ematen ari den erantzunari buruz egiten dugun hausnarketa zuei helarazteko deitu dizuegu.
Arretaz begiratu diegu beti Katalunian egiten diren mugimendu politikoei. Izan ere, han ematen duen erantzunarekin Estatuak hemen ere har dezakeen bidea erakusten digu neurri handi batean, eta, egia esan, Euskal Herrirako ez du ezer onik iragartzen.
Katalunian gertatzen ari dena hemen ondo ezagutzen dugu, hemen bezala, Kataluniako gizarteari bertako marko juridiko-politikoari buruzko iritzia ematen uzten ez zaiolako.
Hango egoera ikusita, zer gertatzen ari den galdetu beharrean gaude. Euskal Herrian Estatuak ETAren indarkeria aitzakia gisa erabili du herri borondate askeari oztopoak jartzeko, baina zer gertatzen da Katalunian? Zertan geratu da indarkeriarik gabe dena posiblea den hori?
Bagenekien; autodeterminazio eskubidea erabiltzeko arazo bakarra Estatuaren borondate politikoa da. Autodeterminazio eskubidearen aldeko Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren borondate argiaren aurrean, Estatuaren erantzuna debekua, beldurra eta koakzioa dira. Estatuak mehatxu egiten du herri galdeketa galaraztearekin. Hori da bere mezua.
Eta bitxia da erabiltzen ari diren argudioa, Europar Batasunera jo baitute. Azken asteotan nahasketa nabarmena ikusi dugu Europar Batasunak prozesu subiranistan jokatu behar duen paperaren inguruan.
Oliver Bailly Europako Batzordeko bozeramaileak esan zuen Europar Batasunari ez dagokiola Estatu kide batean gerta daitekeen prozesu subiranista batean parte hartzea, ez dela bere eskuduntza. Viviane Reding Batzordeko presidenteordeak azaldu zuen legeak ez duela Katalunia Europatik kanpo uzten, independentzia lortuz gero. Eta Joaquin Almunia bera ere zentzu berean mintzatu da.
Espainiar Estatuaren presioen ondorioz hirurek atzera egin behar izan dute, baina argi geratu dena espainiar Estatuak nahi zuenaren kontrakoa izan da. Hau da, batzuek eta besteek erakutsi dutena zera izan da: Europar Batasuna egunez egun eraikitzen ari dela, handituz jarraituko duela eta arauak behar ahala zehaztuko dituela.
Horrela gertatu zen Alemania bateratuan, eta berdin egin beharko da prozesu independentistetatik sor daitezkeen Estatuak barne hartzeko. Ala inork pentsa dezake Belgika bi Estatutan zatitzen bada, horietako bat Europar Batasunetik kanpo geratuko dela eta besteak beto eskubidea izango duela?
Ika-mika hauek bi gauza argi utzi dituzte:
- Batetik, Europar Batasunean ez daudela prozesu subiranistek kezkatuta, ez dute inolako kezkarik. Nazioarteko eragileek, ordea, arretaz begiratu diote Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuari, eta normalizazio politikoaren ostean etorriko dena naturaltasunez hartzen dute, demokrazia ariketa bat bezala.
Eta horrela izan behar du halabeharrez, azken 25 urteotan gaur egun Europar Batasuneko kide diren zortzi estatutan autodeterminazio prozesuak gauzatu direlako: Alemania, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Lituania, Letonia eta Txekia. Eta beste lau estatutan -espainola, frantsesa, belgikarra eta britainiarra- epe ertainari begira lanean ari gara mugimendu subiranistak.
Datu hauek kontuan hartuta, nola asaldatuko da Europar Batasuna independentziaren aldeko prozesu bat abian egoteagatik?
- Eta bestetik, argi geratu den beste ideia da Estatuak ez duela Europar Batasunarekin mehatxu egiten, ezin duelako, ustezko beto eskubide bat erabiltzearekin baizik, Euskal Herri edo Katalunia independenteak Europan sartzea galaraztearekin.
Hau da, herri borondateari aurre egin eta debekuak, mugak, oztopoak eta betoak eskaintzen dizkigu.
Horrek guztiak betiko diagnostikora garamatza: espainiar Estatuak defizit demokratiko ikaragarria du, bere estrategia osoak helburu bakarra baitu: herritarrek hitza hartzea eta euren etorkizuna erabakitzea eragoztea.
Halaber, ziur gaude Estatuaren ofentsibaren oinarrian arrazoi zehatz bat dagoela; hau da, Eusko Alkartasunatik behin eta berriz esan dugun bezala, independentismoa agenda politikoaren erdi-erdian jartzea lortu dugula, epe motzean prozesu subiranista garatzeari begira.
Independentzia agenda politikoan dago eta testuinguru horretan hauteskundeak egingo ditu Kataluniak hamar egunetan. Hauteskunde historikoak eta bere etorkizuna definitzen hasiko direnak.
EUsko Alkartasunak Ezquerra Republicana de Catalunyarekin 20 urte baino gehiago daramatza elkarlanean, Euskal Herrian eta Katalunian baina baita ere Estatuan eta Europan.
Elkarlan horregatik parte hartu genuen irailaren 11ko manifestazio historikoan, Esquerrak gonbidatuta hain zuzen, eta horregatik ere kanpainan parte hartzeko aukera dugu. Guretzat oso pozgarria da Kataluniako mugimendu independentistari gure ekarpentxoa egin ahal izatea eta Esquerrak larunbatean egingo duen hauteskunde ekitaldi zentralean parte hartuko dugu.
Fuente: Eusko Alkartasuna