Lohitzune Txarola EAko militante eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak hausnarketa egin du, frantziar hauteskundeen harira, Europar Batasunaren etorkizunari buruz. Hona hemen bere iritzi-artikulua:
Frantziar hauteskundeek Europar Batasunean zehar izan duten oihartzuna ez da ohikoa. Ez denez ohikoa ezta ere Europar Batasuneko kide baten presidentetzak hainbesteko aldaketarako itxaropena piztea. Europarrok ari gara aintzat hartzen zein puntutaraino gauden interkonektatuak elkarren artean. Gure egunerokotasunean antzeman dugu nola Estatu baten galerak Europar ekonomia guztia kolokan jartzen duen, eta 62 urtetan zehar aberrien integrazioan egindako lana zalantzan jartzen. Ekonomia, merkatuak, murrizketak, salerosketak, mugen kontrola… Horiek dira gaur Europar Batasunetik datozkigun hitzak. Hitz ubelak, krisiz bustiak, ezkortasunez blai eta bide ilunerantz doazenak. Ez naiz ni izango Europar Batasunaren krisiarekiko kudeaketari loreak botako dizkionik, baina ez dezagun ahaztu “Europa” horren atzean jendea dagoela. Herritarrek hautatutako jendea hain zuzen. Eta kudeatzaile horiek dira erabakiak, onak edo ez hain onak, hartzen dituztenak.
Udal batek, parlamentu batek edo Estatu batek araudi “lotsagarriren” bat onartzen duenean, inori ez zaio burutik pasatu ere egiten erakundea zalantzan jartzea, edota erakundearen etorkizuna krisian jartzea. Mallorkako gobernuburuak auziperatzen dituztenean ustelkeria leporatuta, ez da erakundea auzitan jartzen dena; presidente ohia da erruduna, ez instituzioa. Aldiz, EBak erabaki erratu bat hartzen baldin badu, azkar batean europar erakundeak jartzen ditugu jo puntuan, bide batez “europartasun” guztia zaurituz.
Galdetu al dio norbaitek bere buruari zer litzake europar ingurugiroa EBrik gabe? Ba al dakigu EBa, garapenerako laguntzetan emailerik handiena dela, bigarrenaren, Estatu Batuak kasu honetan, laguntza bikoiztuz?Konturatu al gara EBari esker, Erasmus programaren bidez, 2 milioi ikasle baino gehiagok beste herrietako unibertsitatetan ikasteko aukera izan dutela? Norbaitek irudikatu dezake zer nolako mugarik gabeko inperio ekonomikoa litzake Txina edota Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasunaren kontrapisurik gabe? Zein egoeratan egongo litzake Europako hegoaldea, eta orain ekialdea ere, egiturazko eta kohesiorako funtsik gabe? Inork pentsatu edo imajinatu al du zein ahulezia izango lituzketen gobernuek krisialdi ekonomiko honen aurrean pezeta, franko edo markoarekin agertuko balira? Nork galdetu dio bere buruari zein litzateke gure nekazarien eta abeltzainen egoera Nekazaritza Politika Bateratua gabe? Gogoratzen al du norbaitek Irunetik Hendaiara igarotzeko egin behar ziren bisatuak, ilarak, pasaporteen joan-etorria?
Orain 62 urte, 1950eko maiatzaren 9an, II Mundu guda bukatu eta bost urtera hain zuzen, Frantziako kanpo harremanetarako ministro Robert Schumanek lehen urratsa eman zuen egun Europar Batasuna den proiektu sendoa eraikitzeko. Deusetik, eta beste etorkizun hobe eta batu bat posible zelakoan tematu zen, egun hartako diskurtso famatuan, bakea, eta Europako herrien arteko harremanak sendotzeko Europar Batasunaren beharra aldarrikatuz. Eta harro diot gaur dela amets hori egi bihurtu izana ospatzeko garaia.
Europar Batasunak azkenaldian eta krisiari aurre egiteko momentuan erakusten ari den elkartasun, irudimen, ausardia, batasun eta ikuspegi faltak eragin du zenbaitzuk Europa banaketaren ikur gisa hartzea. Baina berriro ere, Frantziatik dator aire berria. Hollande jaunaren hautatzeak EBen erronkei aurre egiteko beharrezkoa dugun aldaketaren motorra izan daiteke. Espainiar estatutik datorren adibidea jarraituz gero, pobrezia, beldurra eta haserrea hazten jarraitu dezakegu, xenofobia eta arrazakeria bultzatuz, edo gizarteko sektore ezberdinen arteko bereizketa nabarmenduz, horrela Schumanen proiektua, eta hortik garatu ditugun ongizate maila guztiak putzu batean utziz.
Iruditzen zait egungo gizarteak ez duela Europar Batasunak eskaintzen dizkigun ongizate mailak aintzat hartzen. Galdetu bada aurreko belaunaldiei nolakoa zen beraien Europa, eta ziur naiz erantzunak zer pentsa emango digula. Gaur dugun Europar Batasuna munduan dagoen tresna politiko handi, oso eta erabilgarriena da. Edozein erreminta bezala, baina, esku eta buru batzuk behar ditu erabilia izateko. Erabilpen horri nahi beste kritika egin ahal zaizkio, baina ez gailuari berari.
Alderdi kontserbadore eta atzerakoiak dira egun Europar Parlamentuko gehiengoa osatzen dutenak, eta Estatuburuen Kontseiluan joera berdina dago. Orain Frantziarrek Europar Batasunari beste aire bat ematea ere erabaki dute, eta haize berri horren ufada profitatu behar dugu. Izan ere badirudi haizea popa politikoan ari zaigula sartzen, eta orain da momentua denak prest eta indarrez egon gaitezen. Denak diodanean gu bezalako nazio edo herriei buruz ari naiz hitz egiten. Estatuek ikusi dute haize berrira ezin egokitu daitezkeela, akaso handiegiak direlako. Nazio txikiok berriz errazago dugu korronte onak harrapatzea. Eta korronte hau, aldaketa hau, gurea bezalako herriek gauzatuko dute, izan ere, Schumanek zioen bezala “Herrien Europa sortu behar dugu, eta ez Estatuen Europa”.