Nekane Alzelai
Joan den abenduaren 31an, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegorako,
2002. urterako aurkeztutako aurrekontuei egindako osoko zuzenketen eztabaida
izan genuen. Bozketarako mantendu ziren zuzenketa guztiak deuseztatuak izan
ziren. Ondoren, batzordean, aurrekontuei egindako zuzenketa partzialak eztabaidatzeko,
erdibideko adostasunetara iristeko eta bozkatzeko aukera izan genuen. Bozketa
hauen ondorioz, 2002. Urterako aurrekontuak arautzen duen legea hutsik geratu
zen, ez bai zen artikulu bat bera ere onartua izan. Eusko Alkartasuna, Jaurlaritzak
aurkeztutako aurrekontuekin ados dago, eta batzordean adostutako zuzenketak
kontutan izanda, 2002. Urterako aurrekontuen legeari edukia eman nahi dio. Horregatik
aurkeztu dugu boto partikularra.
Aurrekontuek, aurrez zehaztutako helburuak lortzearren
finkatutako programen balorazio ekonomikoa islatzen digute. Aurrekontu hauetarako
Jaurlaritzak zehaztu duen helburu nagusia, Elkartasuna, ongizatea, bizi kalitatea,
giza kohesioa eta integrazioa hobetzea izan da. Helburu nagusi hau lortzeko
honako oinarriak jarraitu ditu:

– Aurrekontu orekatuak
– Giza babeserako gastu publikoaren maila hobetzea
– Hezkuntza, etengabeko prestakuntza eta enpresa promoziorako gastuen igoera
– Inbertsio publikoa mantentzea
– Zientzia, ikerkuntza eta teknologia berrietan apustua
– Industriako ekoizpenaren eraginez, kaltetuak izan diren zonaldeak suspertzeko
eta lurralde kohesioa lortzeko beharrezkoa diren pausoak ematea.

Aurrekontu hauekiko jarrera finkatzeko egin behar
den lehen galdera da, ea helburu hauek abiapuntu bezala hartzea egokia den ala
ez. Berdintasunean oinarritutako gizartea eraiki nahi badugu, honelako helburu
handizaleak ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Baina benetan garrantzitsuena
da, helburu hauek lortzea ahalbideratuko dituzten programa desberdinak ea diru
nahikoz hornitzea diren ala ez, hor antzemango da benetako apustua egiten den
ala ez. Horretarako ezinbestekoa zaigu helburu bakoitza nola garatzen den aztertzea.
Aurrekontu orekatuak (hau zen lehenengo helburua)
Parte hartze honen hasieran esan dut, aurrekontuak,
aurrez finkatutako helburuak aintzat harturik osatzen direla. Baina, helburu
hauek finkatzeko, ezinbesteko baldintza da azterketa ekonomikoa egitea, benetako
abiapuntua eta diagnostikoa zein den ezagutzea ezinbesteko baldintza da. Zentzu
honetan 2002. Urterako ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena zehazterakoan,
zuhurtasun handiz jokatu da, jakin badakigulako irailaren 11an gertatutako atentatuen
ondorioz, ziurrenik, eskariaren aldetik, krisia etorriko dela: inbertsio, kontsumo
eta kanpo eskaerak jasan dezaketen murrizketengatik. Honela, hazkunde ekonomikoa
%3an aurreikusi da. Egia da, azken urte t’erdian, hiru hilabeteko BPGren hazkundea
kalkulatu den bakoitzean, gutxitzen joan dela. Ala ere, hazkundea ematen da
eta ezin dugu ahaztu Euskal Autonomia Erkidegoa dela, bere inguruan, BPGren
hazkunderik handiena duen herria. Zentzu honetan, Jaurlaritzak, egoera honi,
bere esku dituen tresna guztiak martxan jarriaz, aurre egingo dio. Adibidez:
gizarte gastua eta inbertsiorako ahalegina areagotuz, zikloaren kontrako aurrekontuak
aurkeztuz, defizit publiko maila batekin eta aurreko urteetan gertatutakoaren
kontra zor publikoaren jaulkia aurreikusiz.
Gizarte gastu publikoaren maila hobetzea zen
hurrengo helburua:
Helburu hau betetzeko dagoen interes bereziaren
froga, gizarte gastuak jasan duen gehikuntza nabarmena da. Aurrekontu hauetan
gizarte gastuaren garrantzi erlatiboa %70koa da. Eta gizarte gastua, besteak
beste, honela osatzen da:

– Etxebizitzarako gastuak, 2001. Urteko aurrekontuen
kitapena oinarri bezala hartuta, %30eko igoera jasan du. Eta sail honek beregain
hartu dituen konpromisoak zehatzak dira: babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko
lurra erosteko konpromisoa hartu da, alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko
konpromisoa ere hartu da. Eta guzti honetarako lurraren legea legebiltzarrera
igortzeko konpromisoa hartu da.

– Osasun arloan, gobernuko gastua bere osotasunean hartuta, hori baino, portzentualki,
gehikuntza handiagoa proposatzen da. Honela, BPGren %4,2koa izango litzateke
osasun gastuaren garrantzi erlatiboa.

– Enplegu politiketarako aurreikusten den diru kopurua, 2001. Urteko aurrekontuen
kitapena kontutan hartuta, partida hauek % 40,7ko igoera jasaten dute. Baina
arlo honetan, gogoratu behar da, 20 urte ondoren behin eta berriz, eskuduntza
hau ukatzen zaigula. Eta transferentzi hau, legebiltzar honek behin eta berriz
exijitu du.

– Gizarte larrialdietarako laguntzetarako 3.327 miloi aurreikusi dira. Hainbatentzat
ez da nahikoa. Ados egon gintezke kritika horrekin. Baina inolaz ere ezin
da esan kopuru honetan izozketarik eman denik. 2001.urtean 3200 miloi erabili
ziran, 2000. Urtean 2.700 miloi. Partida honek urtero igoerak jasan ditu,
apalak, baina ez da izozketarik eman.

– Oinarrizko errentari dagokionez, Gizarte Gutuna arautzen duen legea duela
urtebete eztabaidatu zen. Aukera bat galdu zen. Beharrezkoa da gogoratzea,
egun indarrean dagoen legeak oinarrizko errenta, gutxieneko soldataren %75an
finkatzen duela. Aurrekontuetan jasotzen denaren arabera oinarrizko errenta
gutxieneko soldataren %79an finkatu da, legeak jasotzen duena nabarmenki hobetzen
delarik.

– Seme alabak dituzten familiei zuzendutako plana indarrean jartzeko asmoa
islatzen da aurrekontu hauetan. Plan honen ekarpenik garrantzitsuenetako bat,
familia hauek jasoko duten diru laguntza delarik.

Hezkuntza, etengabeko prestakuntza eta enpresa
promoziorako gastuen igoera zen beste helburuetako bat
Haur eta oinarrizko hezkuntzari dagokionez, programa
honen helburu nagusia, ikasleei euren gaitasunak garatzeko oinarrizko heziketa
egokia eta gorako hezkuntza mailetara igotzeko nahikoa ezagutza eskaintzea da.
Programa honen ekarpenik azpimarragarriena 0-3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko
egingo den ahalegina da. Ikastetxe publikoetan, 2 urteko haurren gelak gehitzeko
asmoa dago, 2-3 zikloa %100an eskainiko da, eta 0-2 zikloa %25an eskainiko da.
Beraz, aurreko urteekin alderatuta aurrerapauso nabarmena eman da.
Lanbide heziketan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, besteak beste,
lanbide heziketarako euskal plan indarrean jarri zenetik. Bere helburua, bizitza
osoan zehar osotarako heziketa bat ahalbideratzea delarik. Horregatik, hezkuntza
sailetik, Prestakuntza Zikloak ematen dituzten ikastetxeak, Lanerako eta Etengabeko
Prestakuntzan sartzea sustatu nahi da, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integralen
Sarea sustatu nahi da. Eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan, aniztasunean jarriko
da arreta bereziki, horretarako orientazio zerbitzua zabalduko delarik. Programa
honetarako, 2001. Urteko aurrekontuaren kitapenarekiko,14.000 miloi gehiago
aurreikusten da.
Inbertsio publikoa mantentzea zen beste helburuetako
bat:
Egonkortasun eta Konbergentzia errealeko 2000-2003
Erakundeen arteko akordioak, beste hainbat irizpideren artean, inbertsio maila
mantendu behar dela dio. Agindu hori aurrekontu hauek osatzerakoan aintzat hartu
da eta betetzen da. 2000. Urteko aurrekontuetan VI eta VII kapituluen pisu erlatiboa
%15,8koa bazen, aurrekontu hauetan, kapitulu hauen garrantzi erlatiboa %16,4koa
da. Eta VIII kapitulua kontutan badugu, hau baltzu publikoen inbertsioak finantzatzeko
erabiltzen baita, inbertsiorako egiten ahalegina oraindik handiagoa da. 2000.
Urteko aurrekontuetan VI, VII eta VIII kapituluen pisu erlatiboa %16,3koa izan
zen eta orain aurkeztu diren aurrekontu hauetan kapitulu hauen garrantzi erlatiboa
%18koa da. Beraz, inbertsio publikoa mantentzeko helburua betetzen da.
Zientzia, Ikerkuntza eta teknologia berrietan
apustua ere helburu bezala jasotzen da:
Zentzu honetan esan behar da, Ikerkuntzaren
aldeko apustua egiten dela. Nahiz eta berriro ere, eskuduntza honen gabeziarekin
topatzen garen, 20 urteetan zehar horrela ukatu zaigulako. Ala ere, arlo honetarako
programa oso bat aurreikusten da 11.450.114 euroz hornitzen delarik.
Kaltetuak izan diren zonaldeak suspertzeko eta
lurralde kohesioa bermatzeko beharrezko diren pausoak ematea da azken helburua:
Helburu honekin, Izartu plana jada indarrean
dago. Eta gogoratu behar da, etxebizitza sailak adibidez, bere jardueran, zonalde
hauetarako bereziki hainbat ekimen aurreikusi dituela. Enplegu planak ere, zonalde
hauetarako neurri bereziak onartu zituen. Azken finean, edozein politika sektorialaren
helburua, desoreka eta desberdintasunak zuzentzea da. Lurralde kohesioa lortzea
da. Zer esanik ez dago gizarte politiken helburuaz. Nahiz eta egia den Lurralde
Historiko bakoitzean indarrean dagoen gizarte politika desberdina den. Ala ere,
jaurlaritzak egoera horiek saihestearren, gizarte gaietarako koordinazio sistema
bat indarrean jartzeko konpromisoa beregain hartu du. Erakunde arteko planak
geroz eta eremu gehiagotan erabiltzen ari dira. Eta hori erakundeen arteko koordinazioa
ematen denaren hastapen bat da.
Helburuekin ados egonik eta kontutan izanda helburu
hauek lortu al izateko proiektu zehatzak proposatzen direla eta proiektu bakoitza
diruz hornitzen dela, eta beraz helburuak lortzearren benetako apustua egiten
dela, Eusko Alkartasunak Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen alde egingo
du. Horregatik aurkeztu dugu zuzenketa partikularra.
Hobetu daitezkeela esaten dutenei arrazoia eman
behar zaie, bizitza honetan dena hobetu daitekeelako. Baina aurrekontu hauen
inguruan eman den eztabaidan garbi gelditu da, une honetan dagoen aukera bakarra
hau dela. Zergatik, bestela, ez da ordezko beste aurrekontu bat proposatu? Eman
diren arrazoi guzti hauengatik, edo beste arrazoi bat izan daiteke, babes gehien
biltzen duen aurrekontua hau delako, batzuei hori horrela dela onartzea kosta
egiten bazaie ere.
Ala ere, tamalgarria da, aurre kontu hauen inguruan
eman den eztabaida politikoa. Orain arte esandakoaren inguruan eztabaida gutxi
eman da. Batzuek aurrekontu hauei basa ukatzeko, aurrekontu hauen helburua egungo
marko juridiko politikoa gainditzea dela, horretara sinplifikatu dute. Aldiz
beste batzuk, Espainiar gobernuarekiko erabateko mendetasunean osatu direlako
eta beraz, subiranotasunaren aldeko apusturik egiten ez delako deuseztatzen
dituzte. Kontra jartzen diren kritika hauek argitzearren hainbat azalpen ematea
ezinbestekotzat jotzen dugu.
Jaurlaritza berria osatu zenean, honek hurrengo
urteetan jorratuko duen jarduna 5 erronketan zehaztu zuen:
- Bakerako, elkarbizitzarako eta normalizazio
politikorako eszenategi berri bat
– Ekonomia hazkunderako eszenategi berri bat
– Gizarte integrazioan sakontzeko eta Jakintzaren Gizartean aurrera egiteko
prestakuntza eta enplegurako eredu berria
– Gizarte eta Kulturaren arloko eredu berria
– Autogobernurako eredu berria
Erronka hauek aurrera ateratzeko konpromisoa
azaldu zuen Jaurlaritzak. Guzti honetarako Gernikako Estatutuak ezarritako esparru
juridikoa eta erakundeak oinarri bezala hartuko dituelarik. Nahiz eta Estatutuaren
agindu guztiak lehen bai lehen bete daitezela exijitzen duen. Horregatik lehendakariordetza
sailean, estatutuaren garapena bultzatzeko partida berezi bat aurreikusi da.

Normalizazio politikorako, ordezkaritza duten
alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioa ezinbestekotzat ikusten
du. Prozesu honetan alderdi politiko bakoitzak bere proposamen juridiko politikoa
defendatzeko aukera izango duelarik. Eta prozesuaren ondorioz sor daitekeen
adostasuna gizarteak berretsi beharko duelarik. Hori da Jaurlaritzaren proposamena.
Eusko Alkartasunak aspaldidanik eta sarritan
esan du Gernikako Estatutuari iruzur egin zaiola, unilateralki aldatua izan
dela eta beraz, guk politikoki agortutzat eman dugula. Guk egungo marko juridiko
politikoa gaindituko duen adostasun baten beharra aldarrikatzen dugu, baina
horretarako tresna prozesu politikoa izango da, ez da aurrekontua izango, elkarrizketa
eta negoziazioa baizik.
Ala ere, gogoratu behar da, aurrekontuek, balorazio
ekonomikoa duten programak jasotzen dituztela. Aldiz badaude beste ekimen mota
batzuk, balorazio ekonomikorik ez dutenak, horiek ez daude aurrekontuetan jasota,
horiek politikoki baloratu beharrezkoak dira. Eta horretarako ospatu dira bi
osoko bilkura monografiko. Hauen ondorioz eta prozesu politikoari hasiera ematearren,
jada legebiltzarrean autogobernurako batzordea osatu da. Bertan alderdi politiko
bakoitzak bere jarrera azaltzeko aukera izango du. Eusko Alkartasunak hor azalduko
du bere proposamena. Eta batzordean proposamen bakoitzari zor zaion errespetuaz
lan egin beharko da. Baina guzti honek ez du islarik aurrekontuetan, hauek beste
ikuspuntu batetik aztertu behar dira.
Eta amaitzeko Batasunak eta Talde Popularrak
osoko bilkura honetarako mantendu dituzten zuzenketei erantzun nahiko nieke.

Batasunari erantzunez lehenengo,
Oinarrizko errentaren kopurua gutxieneko soldataren
%100an finkatzea proposatzen duzue. Duela urtebete eztabaidatu zen Gizarte Gutuna
arautzen duen legea. Lehen esan bezala aukera bat galdu zen orduan, beste proposamen
baten inguruan indarrak batzeko aukera galdu genuen. Ala ere aurrekontuek legeak
jasotako kopurua nabarmenki gainditzen du. Eta adinari dagokionez, ez zaigu
bidezkoa iruditzen aurrekontuak erabiltzea eztabaida hau sortzeko. Ala ere,
Jaurlaritzaren asmoa da, oinarrizko errentaren onuradun izateko beharrezko den
adina 25 urtetik 23 urtera jaistea. Honetarako hori arautzen duen legea aldatzea
ezinbesteko izango da eta orduan izango dugu honen inguruan eztabaidatzeko aukera.
1.003 zuzenketan, oinarrizko errenta jasotzeko
eskubidea gizarteratzeko informazio kanpaina ahalbideratzeko beharrezkoa den
diru kopurua proposatzen duzue. Honen inguruan erdibideko adostasun batetara
iristeko proposamena egin genizuen baina deuseztatua izan zen
Larrialdietarako laguntzei dagokionez, hauek
ez dute izozketari jasan. Nahi baduzu igoera apala izan dutela esan genezake.
Datuek horrela diote gainera, osoko zuzenketa eztabaidatu genuenean aipatu nizkizun
eta lehen ere gogoratu ditut. Ala ere aipatu behar da larrialdietarako laguntzen
%80 etxebizitzako gastuak ordaintzeko erabiltzen direla, eta horregatik Justizia,
lan eta gizarte segurantza sailak etxebizitza eta gizarte gaietarako sailarekin
batera gai honi bestelako irtenbide bat topatzeko konpromisoa hartu dute. Honekin
lotuta, zuek 1.061. zuzenketan, etxebizitza soziala alokatzeko eta saltzeko
finantziazioa ahalbideratzeko partida bat sortzeko proposamena egiten duzue.
Baina esan behar da horretarako badaudela dagoeneko hainbat partida, horretarako
erabiliko bai dira, etxebizitza sailak, joan den urtearekin alderatuz, aurten
izango dituen 5.000 miloi gehiago horiek.
Hainbat zuzenketetan ikastolek jasotzen duten
dirulaguntza gehitzea proposatzen duzue. Bina gehitze hauek askotan sinbolikoak
dira. Adibidez, haur eta lehen hezkuntza duten ikastolen aldeko diru laguntza
100.00 eurotan soilik gehitzen duzue. Edo lanbide heziketa duten ikastolen aldeko
diru laguntza 240.000 eurotan gehitzen duzue. Ikastetxe hauetan benetako finantziazio
arazoa balego ez dut uste zuek proposatutako kopuruekin konpontzeri izango denik.
Beraz, horrek esan nahi du Jaurlaritzak egindako kalkuluak ez direla zuen kalkuluetatik
gehiegi urrundu.
Udalbitzak erabakita omen dituen eta antza indarrean
jartzeko abian dituen proiektu desberdina finantzatzeko hainbat zuzenketa proposatu
dituzue. Baina galdera da, non hartu dira erabaki horiek? Badakit emango didazun
erantzuna udalbiltza dela. Baina zuek eta guk badakigu erabaki horiek ez direla
eraikuntza nazionalaren alde gauden guztion artean eztabaidatu eta erabaki.
Zilegi da zuek proiektu horiek finantzatzeko dirua eskatzea, baina ulertu behar
duzue, zuen proiektu hori, nazio eraikuntzaren alde gaudenon arteko proiektu
amankomuna ez den heinean, guk ezekoa esatea. Eta ez gaizki ulertu, zuen proposamen
batzuekin ados gaude, adibidez Zuberoa 2010 proiektua aipatuko nuke. Guk Udalbiltzarako
75.000 miloi proposatu ditugu. Udalbiltzan proiektu desberdinak adostu daitezke.
Baina Udalbiltzak duen arazoa beste bat dela zuek eta guk jakin badakigu.
Talde popularrak mantendutako zuzenketei erantzunez
Bigarren artikuluari egiten zaion zuzenketari
kontra bozkatuko diogu, eta gainera gogoratu behar da hori bera jada osoko zuzenketa
bozkatu zenean deuseztatua izan zela
9.3 artikulua ezabatzea eskatzen duzue. Bertan
jasotzen dena ez doa 8/96.legearen kontra. Hain zuzen ere lege honek bere 35.
Artikuluan arautzen duen berresten da artikulu honetan
11.2 artikulua ezabatzea proposatzen duzue. Artikulu
honek 1/94 lege dekretuaren 31.2 artikuluaren agindua jasotzen du.
14.2.c artikulua ezabatzea eskatzen duzue. Badakigu
35 orduko lanartearen kontrako jarrera duzuela. Baina erabaki hau negoziazio
mahaian hartu zen. Ala ere artikulu hau dagoenean mantendu behar da 35 lanastearen
indarrean jartzeko prozesua eta neurri honek suposatzen duen lanpostu berrien
sorreraren prozesua ez delako amaitu.
17.4 artikua ezabatzeko proposamena egiten da.
Artikulu hau Euskadi 2000Hiru programarekin lotua dago. Jaurlaritzarentzat proiektu
honek garrantzi handia du, eta artikulu honekin proiektu hau ahalik eta erarik
azkarrenean ahalbideratzea da.
18.artikuluak 1/94 lege dekretuak dioena jasotzen
du, baina aldaketa bat sartzen da. Espedienteen tramitea bizkortzearren, espedienteak
ekonomia batzordetik pasa ez beharra proposatzen du 18.artikulu honek.
23.2 artikuluan gehitu nahi den paragrafo berria
urtero aurkezten den zuzenketa bat da eta erantzuna ere urtero ematen dena da.
Jaurlaritzako goi karguen soldatak eta gainontzeko diru ordainak 7/81 legean
araututa daude
23.4 artikuluan gehitu nahi den paragrafoa ez
da beharrezko. Gai horretarako dagoeneko nahikoa araudi bai dago. Baltzu publikoko
goi karguen diru ordainak 130/99 dekretuak arautzen ditu.
30. artikuluri egiten zaion zuzenketarekiko esan
behar da aurtengo aurrekontuekin batera 2001. Urteko aurrekontuen kitapena zuzenketak
proposatzen duena jarraituz aurkeztu dela.
Aurrekontuen kitapena hurrengo urteko lehenengo
hiru hilabetean aurkeztea eskatzen da. Materialki ezinezkoa da. Baina ala ere
kontutan izan behar da baltzu publikoen kontuen kitapena ere igorri behar dela
eta hauek kontabilitatea ixteko hurrengo urteko lehenengo hiru hilabeteak dituzte.
Eta edozein kasutan aurrekontuen kitapena Kontuen Euskal Epaitegiak onartu behar
ditu.
Laugarren xedapen gehigarria ezabatzea proposatzen
duzue, ez dagoelako laguntza horiek arautzeko legedirik. Ez da horrela, 121/2000
dekretuak 15. Artikuluan proiektu estrategikoen garapenerako laguntzak arautzen
ditu.

Fuente: Eusko Alkartasuna