Itun ekonomikoak hiru ardatz nagusi ditu:
- Zerga bakoitzaren
gainean konpetentzia banaketa zehazten du. Honek esan nahi du, itun ekonomikoak,
itundutako zerga bakoitzaren gainean zein erakundek duen arautzeko eskuduntza,
kudeatzeko ahalmena, ikuskaritza gaitasuna zehazten duela. Adibidez: Pertsona
Fisikoen Gaineko Zergan edo Baltzuen Gaineko Zergan, kasu hauetan, Foru Aldundiek
zerga hauek kudeatu eta arautzeko gaitasuna dute; aldiz BEZ zergaren kasuan,
zerga bilketarako gaitasuna dute soilik, zerga hau arautzea Madrilgo gobernuari
dagokio.
– Itun ekonomikoak kupoa kalkulatzeko metodologia zehazten du. Euskal Autonomia
Erkidegoko erakundeek eskuratu gabe dituzten eskuduntzak Madrilgo Gobernuak
finantzatzen dituenez, hauen ordainketa da kupoa. Adibidez, ikerkuntza eta garapenean
egiten diren inbertsioen finantziazioa da.
– Hainbat batzorde sortzen dira lege honetan: Arbitraje Batzordea, Itun Ekonomikoaren
Batzorde Mistoa, eta Koordinazio eta Arauen Ebaluaziorako Batzordea. Hauek Itunaren
funtzionamendua arautzen dute.
Ezin bestekoa da
gogoratzea, Euskal erakundeek mendeetan zehar beraien sistema fiskal propioa
zehaztu dutela. 1876 garren urtean foruak indar gabetu zirenean ere, autonomia
fiskalak indarrean iraun zuen. Ordutik, frankismo garaian soilik, indar gabetu
zen Itun Ekonomikoaren sistema Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Izan ere, Itun Ekonomikoa
ez da Estatuko Administrazioak Euskal erakundeei eskaintzen dien aukera bat.
Itun Ekonomikoa Euskal Erakundeei dagokien eskubide historiko bat da.
Gernikako Estatutua
onartu ondoren, 1981 garren urtean, Madrilgo Gobernuak eta Euskal erakundeek
Itun Ekonomikoa adostu eta itzartu zuten. Lege honen iraupena 2001 garren urtera
arte zehaztu zutelarik.
Ala ere 20 urte
hauetan Itun Ekonomikoak egokiera ugari jasan ditu. Gertatu diren egoera berrietara
egokitzen joan da. Gogoratu behar da 1981 garren urtean Espainiar Estatua ez
zela Europar Batasuneko partaide. Honela, Espainia 1986 garren urtean Europako
Ekonomia Elkartean sartu zenean, honek aldaketak ekarri zituen, batez ere zeharkako
zergetan, adibidez, Balio Erantsiaren gaineko Zerga indarrean sartu zen eta
honek itun ekonomikoan aldaketak ekarri zituen. Ondoren, 1992 garren urtean,
Europar Merkatu Bakarra osatu zenean, berriro ere Itun Ekonomikoan hainbat aldaketa
garrantzitsu eman ziren, kasu honetan inportazio eta esportazio gaineko zergetan
emandako aldaketak dira azpimarragarrienak.
Ala ere, Itun Ekonomikoaren
egokiera garrantzitsuena 1997 garren urtean eman zen. Aldaketa hauek, aldundiek
zergak arautzeko duten ahalmenean eragin zuzena izan zuten. Ordura arte Foru
Aldundiek Pertsona Fisikoen Errenten gaineko zerga kudeatzeko eskuduntza zuten,
ordutik, zerga hau arautzeko eskuduntza ere badute. Ondarearen gaineko zerga,
Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga eta Jokoaren gaineko zerga, kasu guzti
hauetan, kudeatu eta arautzeko ahalmena eskuratu zuten. Bestetik, zerga berezien
gainean, alkohola, tabakoa eta hidrokarburoen zergen kudeaketa eta bilketa eskuratu
zuten. Eta Aseguru-Sarien gaineko zerga itundu zen. Batez ere.
Hauek izan dira,
azken 20 urte hauetan Itun Ekonomikoa arautzen duen legeak jasan dituen aldaketa
nabarmenenak. Baina, historia bere osotasunean kontatu behar da, horregatik
garrantzitsua da gogoratzea, urte guzti hauetan, gatazka izan dela Itun Ekonomikoaren
inguruan eman den berezitasunik esanguratsuena.
Madrilgo Gobernuari,
euskal erakundeek zergak arautzeko eskuduntza dutela onartzea kosta egin zaio
beti. Eta jarrera hau horrela izan da, alderdi sozialista gobernuan egon denean,
bai eta agintaritza alderdi popularraren esku egon denean. Esan dudanaren froga
dira, aldundiek onartutako mota guztietako zergen gaineko arauei ezarritako
errekurtsoak. 1988 garren urtean, aldundiek, inbertsioa sustatzearren, hainbat
pizgarri fiskal onartu zituzten. Hauek izan ziren errekurritutako lehen neurriak.
Ordutik, Aldundiek onartutako edozein motatako arau fiskalak errekurrituak izan
dira. Errekurtsoa printzipio bezala erabiltzeko estrategia onartua zegoela zirudien.
Estrategia hau nolabait zuzentzeko hainbat adostasun eta itzarmen sinatu dira
urte hauetan zehar: 1997 garren urteko itzarmenean, Madrilgo Gobernuak errekurtsoak
kentzeko konpromisoa azaldu zuen; 1999 garren urtean Bake Fiskala sinatu zen.
Ala ere, itzarmen hauek ez dira inoiz bete bere osotasunean eta oraingo negoziazioetan
ere arazo honi heldu behar izan zaio.
Itun Ekonomikoaren
beste ardatz nagusia Kupoa da. Honen zenbatekoa kalkulatzerakoa ere adostasuna
ez da beti lortu. Izan ere Madrilen oinarrizko legeak onartzen direnean, euskal
erakundeen eskuduntzak kaltetuak suertatzen dira eta zenbat eta gehiago hauek
murriztu orduan eta gehiago ordaindu behar diogu Espainiar Gobernuari, ondorioz
diru ahalmen eskasagoa izango dugu geureak diren eskuduntzak finantzatzeko.
Horregatik, egokitzapenak kalkulatzerakoan askotan eman dira arazoak.
Eta aipatzekoa
da baita ere, Itun Ekonomikoan eman diren aldaketak adosteko negoziazioak, alderdikeriaz
erabili izan direla Madrilgo Gobernuaren aldetik. Adibidez, 1997 garren urtean
Alderdi Popularrak aginterako Legebiltzarrean gehiengo baten beharra zuenez,
PNV-ren laguntza lortzearren Itun Ekonomikoa egokitzea onartu zuen. Oraingoan
berriz, egoera politikoa erabat bestelakoa da: printzipio orokorra zentralismoa
da, beraz abertzalea den oro ez da ona. Jarrera honekin, jakinda, Itun Ekonomikoa
arautzen duen legea 2001 garren urte amaieran agortzen dela, urte honetan zehar,
Jaurlaritzaren aldetik Lege berria adosteko egin diren negoziazio saiakerei
oztopoak besterik ez zaie jarri. Honela, abenduaren 31an unilateralki Itun Ekonomikoa
onartzen dute, nahiz eta jakin badakiten, Itun Ekonomikoaren oinarria, bi aldetako
erakundeen arteko adostasunean datzala. Eta behin beraien prepotentzia erakusten
dutenean, negoziazioa onartzen dute.
Guzti honengatik
Eusko Alkartasunari ezinbestekoa zaio gogoratzea, Itun Ekonomikoa eta autonomia
fiskala euskal erakundeei dagokien eskubide historiko bat dela. Beraz, Itun
Ekonomikoaren berezko izaera hau, ezin daiteke unean uneko egoera politikoaren
arabera egon. Are gutxiago erabili. Kontrako interpretazioek, Itun Ekonomikoa,
beharrezko berma juridikorik gabe uzten dute.
Azkenean, Martxoaren
6an bi aldetako erakundeen arteko itzarmena lortu zen. Eta gaur Legebiltzar
honi, itzarmen hori onestea dagokio. Eusko Alkartasunak bere aldeko botoa emango
diolarik.
Lortutako adostasun
honetatik honako emaitzak azpimarratuko ditugu:
Lehenik eta behin,
egun indarrean dagoen Itun Ekonomikoaren mugagabeko izaera azpimarratuko dugu.
Honek, beharrezkoa den berma juridikoa ematen dio. Azken urtean jasan dugun
zalantza egoera berriro gertatzea saiestuko du. Ala ere honek ez du esan nahi
azken urteetan gertatu diren gatazkak berriro gertatuko ez direnik. Itun Ekonomikoa,
egoera desberdinetara egokitu behar den heinean, aldaketa bakoitzak, bi aldeko
erakundeen arteko adostasuna, hartu beharko du oinarri bezala.
Aipagarria da
baita ere, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak jasango duen aldaketaren garrantzia.
Lege honek, erakunde desberdinek, aurrekontuak osatu eta kudeatzeko jarraitu
behar dituzten irizpideak arautzen ditu. Ala ere Nafarroako berezitasuna jasotzen
du, baina ez horrela Euskal Autonomia Erkidegoarena. Eta euskal erakundeei ere
salbuespen hau badagokie. Izan ere hemen Ogasun sistema propioa dugu eta beraz,
gure eskuduntzak kudeatu eta finantzatzeko autonomia osoa dagokigu. Izaera hau
Nafarroari onartzen zaio, baina ez guri, harrigarria. Lortutako adostasunaren
ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasuna jasoko da.
Azpimarratu beharrezkoa
da baita ere, Zergei Buruzko Lege Orokorrak jasango duen aldaketa. Lege honek,
zergak, ordainarazi, kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeko jarraitu beharrezko
irizpideak arautzen ditu. Arlo hauetan euskal erakundeek eskuduntza osoa dute
eta izan dute. 2001 garren urtean agortu zen legeak, bere bigarren artikuluan
eta bosgarren xedapen gehigarrian horrela jasotzen zuen. Beraz, hemengo legeek
Madrilgoen garrantzi berdinekoak ziren eta dira. Baina berezitasun hau, Lege
orokorrak ez zuen jasotzen. Orain adostu berri den Itun Ekonomikoaren Legeak,
eskuduntza hauek, bere lehengo artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian
jasotzen ditu. Eta lege orokorrak ere horrela jasotzea adostu da. Ala ere, Eusko
Alkartasunak Jaurlaritzari gai honetan erne egon dadila eskatu nahi dio, hau
horrela izan dadin.
Atzerriko egoiliarrak
diren pertsona edo erakundeek dituzten establezimendu iraunkorrei, Foru Aldundiek
araututako sozietateen gaineko zerga aplikatuko zaie. Adostasun honek badu bere
garrantzia, urteetan zehar erantzunik gabe zegoen aldarrikapen bat delako. Establezimendu
hauei, estatu mailako araudia aplikatzen zitzaien eta beraz, ez zuten hemengo
pizgarri fiskaletaz baliatzeko aukerarik. Honek urteetan zehar hainbat arazo
sortu zituen. Erdibideko adostasun batetara iritsi zen 1997 garren urteko itzarmenean.
Ordutik, estatu mailako araua aplikatzen zitzaien, baina hemengo pizgarri fiskalen
arabera, Estatuko Administrazioak dirua itzultzen zien. Ala ere Jaurlaritzen
iritzia, egoera honi, Itun Ekonomikoa aldatuz erantzun behar zitzaiola izan
da beti. Azkenean lortu da aldarrikapen hau.
Zenbait Hidrokarburoren
Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga itundu da. Zerga honen gainean, bilketa
eta neurri batean arautzeko eskuduntza dugu. Zerga hau, estatu mailan, aurtengo
urtarriletik dago indarrean, bere helburua osasun arloa finantzatzea delarik.
Zerga hau indarrean jartzeko erabakiarekin batera, Espainiar Gobernuak, osasun
arloa eskuratu gabe zuten autonomia erkidegoei, transferentzia hau onartzea
erabaki zuen. Zerga hau, zeharkako zerga bat da, beraz, erregresiboa, hau da,
zerga ordaintzen duenaren errenta maila ez da kontutan hartzen. Hau honela izanik,
zerga hau, osasuna finantzatzeko erabiltzea, filosofia hau zalantzan jartzen
badugu ere, dagoeneko zerga ordaintzen dugun heinean, honen eskuduntza euskal
erakundeetan izatea, beti ere egokiagoa dela deritzogu. Ala ere estatu mailan
ezarritako kopurua, neurri batzuen barruan igotzeko aukera adostu da, diferentzia
ingurugiro arloko ekimenak finantzatzeko izango direlarik.
Kupoa kalkulatzeko
adostu den metodologia, lehengoaren aldean sinplifikatu da. Honela, osasun eta
gizarte babeserako zerbitzuen finantzazioak, bai eta Ertzaintzaren finantzazioak,
beste edozein eskuduntzaren tratamendu bera izango dute.
Negoziazio baten
hasieran alde bakoitzak bere aldarrikapenei tinko eusten die, baina negoziazioak
aurrera egiten duen heinean, oinarrizko printzipioei eutsiz, aldarrikapen hauek
malgutasun maila batekin kudeatzen dira. Eta Itun Ekonomikoaren kasuan berdin
geratu da. Ala ere, oraingoan adostasunik egon ez den hainbat puntuetan eta
hauei etorkizunean erantzun bat ematearren hainbat lan talde osatu dira. Espero
dezagun lantalde hauek emaitzik ematea.
Hauek dira azpimarratuko
genituzkeen aldaketak.
Ala ere Jaurlaritzari
iradokizun bat ere egin nahi genioke: Europar Batasunaren Tratuari, Itun Ekonomikoaren
gaineko Protokolo bat eranstea.
Gure autonomia
fiskala Europar Batasunean eredu bakarra da. Estatu Federaletan ere, ez dago
bere zergak kudeatu eta arautzeko gaitasuna duen herrialderik. Berezitasun eta
salbuespen hau aintzat hartuta, eta batez ere elkarteko erakundeetan honen inguruan
dagoen ez jakintasuna eta beraz, honek dakarren zailtasuna kontutan izanda,
Europar Batasunaren eremuan, gure zerga sistemarekin pausu berriak eman behar
direla deritzogu.
Ez litzateke Itzarmen
bati, berezitasun eta salbuespen bat jasotzen duen eranskina gehitzen zaion
lehen aldia izango. Adibidez Finlandiak, Adland irletarako estatutu berezi bat
negoziatu du. Honen arabera, irla honetan, Kapitalaren zirkulazio askeari mugak
ezarri zaizkio, irletakoak ez direnek, ez dezaten, diskriminaturik gabeko era
batean, ondareak erosi. Honelako salbuespenak Atxikitze Aktan edo bere kasuan,
Europar Elkartearen Itzarmenean, Protokolo modura jasotzen dira. Kontutan izan
behar da baita ere, Espainiak bere garaian, Atxikitze Aktan Kanariar irlen berezitasuna
jaso zuela.
Oinarri nahikoa dagoela deritzogu, gure autonomia fiskalak Europar Elkarteen
Itzarmenean bere isla izan dezan. Batez ere, Itun Ekonomikoaren 4.2 artikuluak
dioena aintzat hartzen badugu. Honek honela dio: ‘Nazioarteko akordioek
ekonomia itun hau betetzeko orduan inolako eraginik baldin badute, akordio horietan
Euskadiko erakundeen lankidetza ahalbideratzeko behar diren baliabideak jarriko
ditu estatuak.’ Ez dugu Elkartearen zuzenbidearen aplikazio berezirik eskatzen,
arlo fiskalean edozein estatuk duen tratamendua aldarrikatzen dugu. Hau honela
gertatuko ez den bitartean, lehenago aipatu ditudan errekurtsoen aurrean berriro
ere babesik gabe aurkituko gara. Eta garrantzitsua da ezagutzea errekurrituta
dauden hainbat arau Frantziatik kopiatutakoak izan direla. Gure pizgarri fiskalak
errekurrituak izan dira, Frantziarrak aldiz ez. Eta hori ez dago onartzerik.
Eta hori berriro gerta ez dadin, nola halako berma bat beharko genuke, eta horregatik
proposatzen dugu gure sistema fiskala Europar Tratatuan jasotzea, Protokolo
baten bitartez.
Protokolo honek
gutxienez honako hau jaso beharko luke:
- Euskal erakundeei
autonomia fiskala ezagutuko zaie.
– Autonomia fiskal hau, Europar Batasuneko koordinazio eta armonizazio fiskalaren
neurrietara egokituko da. Eta Foru Aldundiek onartutako neurri fiskalak, Europar
Elkartearen Itzarmenaren 90 garren artikuluaren arabera tratatuak izango dira.
– Euskal erakundeek ezagutu zaien ahalmen eta eskuduntzen arabera, ECOFIN-en
ordezkaritza izango dute.
Jaurlaritzari iradokizun
hau azter dezala eskatzen diogu.
Besterik gabe,
amaitzeko esan, Itun Ekonomikoaren onespenaren alde bozkatuko dugula, autogobernurako
ezinbesteko tresna delako.
Fuente: Eusko Alkartasuna