Pello Urizar, secretario general de Eusko Alkartasuna y candidato de Euskal Herria Bildu, ha participado en el acto electoral de Arrasate.
Plazer bat da gaur zuekin egotea. Kanpainako azken txanpan gaude eta babes eta animo guztiak ongi etorriak dira.
Babesa, indarra eta animoak leku desberdinetatik jasotzen ari gara egunotan. Europatik asko. Batzuek independentismoa galeraziko duen markoa Europar Batasuna dela esaten diguten arren, Europatik askatasun eta independentziaren haize freskoa datorkigu.
Flandriatik igandean bertan, independentismoak izan zuen garaipenarekin, eta azken asteetan ia egunero Eskoziatik. Aste honetan bertan Edinburgoko Akordioa sinatu duten lekuko izan gara, eta ez dakit zuek, baina nik inbidia sentitu nuen.
Inbidia Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiaren poztasuna ikusita, baina agian oraindik inbidia handiagoa David Cameronen jarrerarekin. Eskoziarren nahia errespetatzeko konpromisoa hartu zuen Cameronek, baina ez hori bakarrik. Alderdi Kontserbadoreko lehen ministroak atzoko akordioa Eskoziarentzat ona dela onartu zuen, eta, hau da azpimarragarria, Erresuma Batuarentzat ere.
Nahiko genuke bai guk ere horrelako oinarri demokratikoak dituen alderdi bat Espainiako gobernuan!
Akordioa eta errespetuan oinarritzen da Eskozian lotutako hitzarmena, gure inbidia eta miresmenaren aurrean. Eta hori apur bat tristea dela aitortu beharra dugu, zeren atzo Eskozian gertatutakoa, normala da. Horixe da normaltasuna, horixe demokrazia. Ez Madril eta Pariseko gobernuen inposaketan oinarritutako jarrera.
Normaltasun hori nahi dugu guretzako ere, Euskal Herrirako ere. Eskozian gertatzen ari dena prozesu soberanista abian jartzea borondate politiko kontua dela adierazten du, ez da lege kontua, legeak gizartearen nahiari egokitu daitezkeelako. Demokrazia kontua da, eta Espainiak gabezia izugarriak ditu maila horretan.
Borondate politikoa da baita ere behar dena normalizazio prozesuak aurrera egin dezan. Eta azken urte honetan argi ikusi dugu nork daukan borondatea eta nork ez.
Atzo bertan bete zen Aieteko Bake Konferentziaren urteurrena. Konferentzia haretan ikusi genuen nazioartean bazegoela prozesuarekiko konpromisoa, konferentzia haretan ikusi genuen horrelako prozesuetaz dakiten pertsona eta erakundeak prest zeudela laguntzeko. Eta konferentzia haretatik guretzat bidai orria den adierazpena atera zen. Gatazka gainditzeko balioko zigun bidai orria.
Euskal Herrian normalizazioa, bakea eta berradiskidetzea lortzeko oinarriak jarri zituen Aieteko Konferentzian onartu zen adierazpenak. Eta euskal gizartearen gehiengo politiko eta sozialaren nahiarekin bat eginda egin zuen gainera. Baina, borondate politikoaren gabeziak adierazpenaren garapena oztopatu du.
Adierazpen haretan eskakizun desberdinak egiten ziren eragile desberdinei, lehendabizikoak ETAri egiten zaizkion, eta hiru egunetara argi ikusi genuen ETAk era positiboan erantzun zuela. ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera agertu zuen, eta gatazkaren ondorioak gainditzeko eskaria luzatu zien espainiar eta frantziar gobernuei.
Baina hain bizkor hasi zena bertan blokeatua gelditu zen, aipaturiko gobernuek ez zutelako tokatzen zitzaien pausorik eman.
Urte bete pasa da ordutik baina ez dugu etsiko. Euskal Herria Bilduk Aieteko Adierazpenarekin duen konpromisoa erabatekoa da eta bere osotasunean garatzeko lan egingo dugu, Euskal Herriak behar duena delako. Ez dela lan erreza izango argi dugu. Gainditu beharreko oztopoak izango ditugu, horregatik borondate politikoa eskatzen dugu normalizazioa, bizikidetza eta bakea lortu ahal izateko.
Hau da herri honek behar duena, eta hau da igandean jokoan dagoena: Aurrerapauso erraldoi bat ematea bakean, bizikidetza eta normalizazioan.
Burujabea izango den Euskal Herri bat nahi dugu, justizia sozialean oinarritutakoa, eta normalizatua ere. Beste edozein herrik dituen eskubide eta betebeharrekin. Besterik ez.
Eta egin dezakegu. Ez izan zalantzarik, zuen laguntzarekin lortuko dugu. Ziur nago igande honetan emaitza oso onak izango ditugula. Euskal gizartea sekula baino abertzale eta ezkertiarragoa da eta igande honetan hautestontziak Euskal Herria Bilduren bozkekin beteaz demostratuko dugu.
Animo zuei!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!!!
Fuente: Eusko Alkartasuna