Pello Urizar sostiene que el proceso abierto en Euskal Herria está en un momento importante, y así lo ha manifestado en una entrevista en BERRIA. Dice que la problemática de los presos vascos debe ponerse encima de la mesa del Gobierno español porque eso consolidará y acelerará el camino hacia la paz.
EAko kideek gaur ospatuko dute alderdiaren sorreraren 25. urteurrena, Lizarran. Ostiral goiza da, eta Donostiako egoitzan prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri; han hartu du BERRIA Pello Urizarrek (Arrasate, 1968), baita Bateragune auziko epaiaren konfirmazioa ere. «Epai honek ez du prozesua blokeatuko, prozesu honek ez duelako atzera martxarik. Ikusten ari dira hemen beste etapa politiko bat hasten ari dela. Euskal Herriko azkeneko 30 urteetan aurreneko aldiz indar subiranistak eta independentistak batu gara apustu bat bukaeraraino eramateko, eta horrek, politikaren aldetik, beldur handia ematen die, epai honek erakutsi duenez», azaldu du, aurrez prestatutako galderei erantzun aurretik. Ondoren itzuli da gaira.
Hauteskundeei begira, akordioa erdietsi duzue EAk, ezker abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek. Zeintzuk izan dira akordio hori adosteko gakoak?
Aralarri eta EAJri proposamena helarazi genienean, ikusi genuen Aralarrek eta guk irakurketa berdina egiten genuela egungo egoerari buruz. Guretzat oinarrizkoa zen hori, bestea, barne egituraketarena adibidez, bigarren plano batean utzi genuen, malguak izan gintezkeela argi utziz. Ikusten dugu beste egoera politiko batean sartzen ari garela, ikusten dugu Madrilen ere horretaz ohartzen ari direla eta ikusten dugu behingoz aukera dugula Madrilera ahots indartsu bat eramateko. Han, Raxoik irabazi edo Rubalcabak irabazi ez digu guri ezberdintasun handirik ekarriko, eta, alde horretatik, hara goaz jakinik hangoak ez direla gure instituzio naturalak eta ez gaituztela gu ordezkatzen, baina, aldi berean, jakinda hemengo gauza asko han erabakitzen direla.
Zeintzuk dira adostu dituzuen oinarrizko edukiak?
Lehenik eta behin, onartzea momentu zehatz batean gaudela eta une honetan ezinbestekoa dela Madrilera ahots indartsu bat bidaltzea herri gisa dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko. Bestetik, apustu irmo bat soilik bide politikoen aldekoa eta, horren haritik, sinatzaile guztiok, Gernikako Akordioaren sinatzaileak garen heinean, gure bide orria hori izango dela onartzea eta bide hori bukaeraraino eramateko konpromisoa hartzea. Eta, hirugarrenik, Nafarroaren berezitasuna kontuan hartzea, erritmo eta erabaki esparru ezberdinak daudela onartuz.
Zein zalantza edo oztopo topatu duzue?
Ez gehiegi. Oinarrizko irakurketarekin bat egiten genuela ikusi genuenean ñabardura batzuk agertu ziren, gauzak esateko moduan bereziki. Hala ere, hasieratik ikusi genuen borondatea zegoela akordioak egiteko, eta horrek asko erraztu du bidea. EAJrekin kontrakoa gertatu da. Hasieratik ikusi genuen ez zuela nahi, eta nahi ez duenak ez du pauso bakar bat ere ematen.
Nola jaso duzue EAJren ezezkoa?
Orain dela urtebete pasatxo beraiekin izan ginen Gernikako Akordioaren inguruan proposamena egiteko, eta erantzun berbera jaso genuen. Bakoitzak bere etxeko lanak egin behar zituela, pauso batzuk eman behar zirela oraindik eta horiek eman arte beraiek ez zutela urratsik egingo. Ez nago ados irakurketa horrekin. Egiteko pausoak daude, noski, baita etxeko lanak ere -denok ditugu etxeko lanak egiteko-. Egoera aldatzeko apustu honetan, baina, denok daukagu erantzukizuna, eta denok egin behar dugu gure ekarpena. Hesiaren beste aldean daude, ikusten nola mugitzen diren besteak eta horren balorazioak egiten.
Jeltzaleen aldetik leporatu izan zaizue zuen asmoa ez zela benetakoa eta jakin bazenekitela EAJk ezezkoa emango zuela.
Horrela ikusten du EAJk. Hala ere, hori esatea oso erraza da EAJren aldetik. Bilera bat eskatu genien uztailean, eta abuztu osoa eman dute komunikabideen bidez gure eskaerari ezezkoa ematen. Eskaera ofiziala egina genuenez, gutxienez espero genuen bilera onartzea eta gure proposamen ofizialari erantzun bat ematea. Irailean egin dugu bilera, eta jada ezaguna zen erantzuna jaso dugu. Hain argi badaukate gure asmoa ez zela benetakoa, baiezkoa esan zezaketen, eta gu jokoz kanpo uzten saiatu.
Abertzaleen arteko hegemonia al dago lehian?
Horrela ikusten du EAJk, orain arte berak izan duelako hegemonia eta orain hori galtzeko beldur delako. Guk apustu politiko bat daukagu. Gauzak argi esan eta mahai gainean jarri ditugu. Horrek gizartearen babesa ekarriko digu. Gizartearen gehiengoak gure proposamenaren alde egiten badu, horrek ondorio bat izango du, baina gu ez gara ari lanean hegemonia lortzeko. Uste dugu gizartearen gehiengo batek nahi duela autodeterminazioaren eta giza eskubide guztien alde lan egin eta borrokatu. Uste dugu alderdi politikoak tresna bat direla. Baina gure helburua ez da hegemonia bilatzea, gure helburua Euskal Herri independente bat da.
Zein aldarrikapen emango duzue Madrilera, eta garrantzitsuena, nola eragin nahi duzue han?
Jakin badakigu Madrilen parlamentari kopuru txikia izango dugula, baina legebiltzar taldea lortzeko aukera ikusten dugu, eta horrek gutxienez egingo duena da Madrilen argi adieraztea zein den Euskal Herrian dagoen egoera, zein den gizartearen benetako sentimendua eta zer nahi duen euskal gizarteak. Egoeraren arabera eta lor ditzakegun akordioen arabera saiatuko gara eragiten. Han, beste nazio batzuk daude egoera berean. Guk babestuko ditugu haien proposamen batzuk, eta ziur gaude kontrakoa ere gertatuko dela. Nazio bakoitzak bere bidea egin arren, arazo komun bat daukagu [Espainia], eta, alde horretatik, ekimen bat baino gehiago egin dezakegu batera.
Urtebete igaro da ETAk su-etena iragarri zuela. Sendoago dago bake bidea?
Nik sendoago ikusten dut. Besteak beste, ikusi dugu gizarteak ere babes sendoa eman diola soilik bide politikoak erabiltzeko apustuari. Hausnarketa hori, gainera, ezker abertzalearen oinarrietan edo kolektibo osoan errotu eta sendotu egin da azken urtean. Orain badirudi euskal presoen kolektiboak ere baduela asmoa Gernikako Akordiora batzeko… Guretzat oso garrantzitsua da hori. Beste prozesu batzuk ikusita, Irlandakoa kasu, presoek egin zuten lana erabakigarria izan zen prozesua bizkortzeko. Presoak prozesuarekin konprometitzea prozesuak atzera bueltarik izango ez duen beste adierazle bat izan daiteke.
Zergatik da hain garrantzitsua presoen ekarpena?
ETAk kide gehiago dituelako kartzelan kanpoan baino. Gainera, uste dut oro har espetxeetan ere onartua dagoela beste ziklo baten sarreran gaudela eta ziklo politiko horretan denen beharra dagoela.
Uste duzu gatazkaren alde teknikoa deiturikoari heltzeko garaia iritsi dela?
Bai, zalantzarik gabe. Baina ez orain, hasita egon beharko luke jada. Nazioarteko Harreman Taldeak bide horretan eginiko lana aintzat hartu eta beraien ekarpen eta eskaintza baliatu beharko luke Espainiako Gobernuak. Baina publikoki behintzat ezezkoa eman diote, eta hortik ondoriozta daiteke [Espainiako Gobernuko kideak] ez daudela eroso. Orain arte Europara bidali duten mezua izan da Espainia Europan dagoen demokrazia garbienetako bat dela eta hemen arazoa euskal herritarrek bakarrik sortu dutela. Espainiako mugetatik haratago dauden eragile batzuek eskua sartzen badute, Espainiak emango duen irudia justu kontrakoa izan daiteke, eta hori ez zaio interesatzen Espainiako Gobernuari.
Urrats diskreturen bat espero duzu Espainiako Gobernuaren aldetik?
Harreman taldea sortu behar zela jakinarazi zenean, Espainiako Gobernuaren erantzuna oso bortitza izan zen, baina gerora moteldu egin zuen erantzun hori, eta ematen du ja hain aurpegi txarrarekin ez duela ikusten. Gobernuaren eta ETAren artean harremanik dagoen ez dakit, baina ez litzateke arraroa izango. Egin daitezke hainbat urrats garrantzitsu gizarteak jakin gabe, sukalde lana deitzen dena. Egin dezatela egin behar dutena eta, gero emaitzak lortzen direnean, orduan publiko egin dezatela. Bitartean, niri ez dit arduratzen ezer ez jakitea, betiere zerbait egiten badute.
Eta zergatik egin behar du urratsa Espainiako Gobernuak?
Hemen dagoen gatazka honetan pertsona askoren giza eskubideak urratu dira ETAren aldetik, baina Espainiako Gobernua ere giza eskubide batzuk urratzen ari da, baita bere legedia ere. Presoen inguruan, adibidez. Presoek etxetik hurbil egon behar dute, gaixorik dauden presoek etxean egon behar dute, eta zer esanik ez Parot doktrina: ikuspuntu juridiko batetik ez dauka ez bururik ez hankarik. Erabaki horiek guztiak ikuspuntu politiko batetik hartu dira, eta, alde horretatik, uste dut gobernuak badaukala aukera pausoak emateko edo erakusteko prozesu honen alde dagoela edo nahi duela prozesu hau bukatzea. Gobernua konturatzen ari da pausoak emateko unea duela, eta guztioi dagokigu hori exijitzea.
Eta hauteskundeak PPk irabazten baditu?
Nik ez du ezer berezirik espero, Rubalcabaren aldetik ezer berezirik espero ez dudan bezala. Hala ere, esaten da eskuineko alderdiek erraztasun handiagoak dituztela aldaketak egiteko gatazka armatuetan, Polizian eta armadetan duten eragina dela eta. Soldaduskaren garaian borroka latzenak alderdi sozialistaren garaian eman ziren, eta Aznar gobernura iritsi zenean, ez zuen inongo arazorik izan soldaduska profesionala bihurtzeko. PSOEk konplexu asko ditu, eta ematen duen pauso bakoitzeko PPri begiratzen dio; PPk, aldiz, ez dauka konplexu hori. Baina egia da, halaber, PP baino leialagoa dela PSOE oposizioan dagoenean.
Nazioarteko Harreman Taldearen zein ekimen espero duzue?
Beraiek argi daukate prozesuak aurrera egin dezan aldebakarreko pausoez gain beharrezkoak direla beste aldearen pausoak. Prozesua has daiteke aldebakarreko mugimenduekin, baina ez da horrela amaituko. Lehen aipatu ditugun aspektu teknikoez gain, Sortu legeztatzea oso garrantzitsua da beraientzat.
Hil honen amaieran Patxi Lopez lehendakariak bake eta bizikidetza plan bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Zer espero duzue? Ekarpenik eskatu al dizue?
Ekarpenik ez digu eskatu, eta komunikabideetan filtratu denaren arabera, ez dugu ezer berririk ikusi. Gure jarrera argia da: pauso ezberdinetan sakontzeko prest gaude, baina ikusi behar da zer borondaterekin egingo duen beren proposamena. Galtzaile eta irabazleen borondatearekin planteatzen badu, gurekin ez dauka ezer egiterik. Galtzaileak eta irabazleak bereizten dituen kontakizun batek ez ditu zauriak itxiko. Euskal Herriko historiak irakatsi digu galtzaile izan direnen ondorengoek arazoa mahai gainean jarri dutela. Sufrimendua jasan duten guztien aitortza egin behar da, eta mina sortu duten guztiek onartu egin beharko dute egin dutena. Sufrimendu horiek guztiak aitortu eta gerturatzeko denbora beharko da.
EAEko PPrekin zubiak eraikitzeko nahia agertu duzue. Urratsik egin al duzue bide horretan?
Bada urtebete inguru, Gernikako Akordioaren inguruan, bilera bat eskatu geniola PPri, eta Basagoitik baiezkoa eman zidan harekin izan nuen telefono hizketaldi batean. Bilera, baina, ez dugu oraindik egin. Zer gertatzen zaio PPri? Donostiako Aste Nagusian gertatutakoa oso argigarria iruditzen zait. Madrilen botatzen duten zabor guztia dela-eta, ezin dute normalizazio bidean pausorik egin, nahiz eta jakin euskal gizarteak hori eskatzen diela.
Gaur ospatuko duzue EAren 25. urteurrena. Zein da EAren zeregina gaur egun?
Orain dela 25 urte, eta denborak ematen duen perspektibarekin, uste dugu alderdia sortu zutenek egindako hausnarketak bizirik jarraitzen duela. Gure apustua argia izan da hasieratik: gure seme-alabei gure kultura, gure hizkuntza nahi badiegu utzi, soilik autogobernuarekin da posible. Gernikako Estatutuarekin abiatu ginen, baina ikusi dugu zer gertatu den estatutuarekin. Argi daukagu Euskal Herriak etorkizuna izan nahi badu estatu bat izan behar duela. Abertzaleen bat egitea gure kulturaren parte izan da hasieratik. Apustu bat egin genuen garai batean; bere emaitzak eman zituen, eta orain beste ahalegin bat egin dugu. Uste dugu orain bide onean goazela, Euskal Herriaren historia hurbilean lehenengo aldiz denok irakurketa bera egiten dugulako.
Nolakoa izan da EAk Bilduri egin dion ekarpena?
Jatorri ezberdina dugun hiru eragile politiko gaude Bildun. Kultura ezberdinak uztartzen ikasten ari gara guztiok. Asko ikasten ari gara besteengandik, eta alderantziz. Gu gara koalizioko alderdi instituzionalena, Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan eta diputazioetan egon gara, eta horrek soslai konkretu bat ematen digu. Horrek Bilduren eguneroko jardun instituzionalean asko laguntzen du.
Aliantza iragarpenak eragin nabaria izan du Nafarroan. UPN eta PPren bat egiteak zer esanahi dauka?
UPNk eta PPk batera aurkeztea erabaki dute guk egiten dugun irakurketa bera egiten dutelako. Jakin badakite egoera konkretu honetan guk kartak ongi jokatzen baditugu aurreneko indarra izan gaitezkeela.
Aralarren bat egitea dela eta, amaitutzat eman daiteke NaBairen bidea?
NaBairen filosofia erabat aldatu da azken urteetan. Sorreran desberdinen arteko batura bat izan zen, eta denei uzten zizkien ateak irekita. Eta hori gaur egun ez da horrela, azken hauteskundeetan ikusi genuen moduan. Batzarrek koalizioa utzi zuen, guk genituen bestelako akordio estrategikoak bertan behera uzteko exijitu ziguten, eta, horri uko egin ondoren, kaleratu egin gintuzten. Kanpotik ikusita, NaBairen barruan arazoak hor jarraitzen du: batasuna bilatu baino gehiago bazterketa bilatzen dute, ezberdintasuna nabarmendu nahi dute denbora osoan… eta guretzat hori ez da positiboa.
Fuente: BERRIA