EAk Eusko Legebiltzarrak onarturiko proposamena gaitzetsi du eta Euskadi Espainia dela frogatu nahian denbora alferrik galtzea leporatu die PSEri eta PPri, horren ordez euskal gizartea benetan kezkatzen duten arazoak konpontzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak sustatu beharko lituzketelako.
PSEk eta PPk agerian utzi dute gaur berriz ere legealdi honetarako duten helburu nagusia Euskal Herria espainolizatzea dela, bai eta horretarako Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo artifiziala baliatzeko prest daudela ere, salatu du Eusko Alkartasunak. Lehenago ETBren eguraldi mapa izan zen, gero euskara, hezkuntza curriculuma, Jaurlaritzaren parte-hartzea Hispanitate egunean, Estatutuaren ospakizuna eta orain, antza denez, kirola doktrinatze politikorako tresna gisa erabiltzeko ordua heldu da, horixe baita PSEk, PPk eta UPyDk benetan nahi dutena Espainiako futbol selekzioak Euskadin joka dezala eta Txirrindulari Itzulia herri honetatik pasa dadila eskatzen dutenean.
Euskal Herria krisi ekonomiko larrian egonda Eusko Legebiltzarrean gaur egin den eztabaida nagusia Espainiak Euskadin jokatzen duen ala ez eta Itzulia Euskaditik pasatzen den ala ez izatea fribolitate hutsa da, talde politiko horien arduragabekeria agerian uzten duen fribolitatea, hain zuzen ere. PSEk eta PPk urteak eman zituzten hiruko Gobernuari nortasun kontuetan bakarrik zentratzea eta “Euskadi errealeko arazoak” alboratzea arrazoirik gabe leporatuz, baina orain gaurkoa bezalako eztabaida antzuekin denbora alferrik galtzen ari dira Euskadi Espainia dela frogatu nahi dutelako, krisialditik ateratzeko eta euskal gizartea benetan kezkatzen duten arazoak konpontzeko neurri eraginkorrak eta zehatzak proposatu beharrean.
Horren harira, horrelako ekimenekin Euskal Herrian espainiar sentimenduaren hazkundea lortuko dutela uste baldin badute, erabat oker daudela ohartarazi die Eusko Alkartasunak PSEri eta PPri. Halaber, bi alderdi horiek euskal gizartearen gehiengoaren nahia benetan aintzat hartu nahi badute, euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren alde lan egitera dei egin die EAk.
Jatorria: Eusko Alkartasuna