Eusko Alkartasunaren ustez, “Legebiltzarrak baino ez ditu hartu behar parlamentuko funtzionamenduari buruzko erabakiak”, eta ikurriña bakarrik jartzeko eskatu du. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak lehengo astean onartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduari men egitea -EAko ordezkaria kontra agertu zen-.
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarrari honen eraikinaren kanpoan ere Espainiako bandera jartzeko agindu diola-eta, EA ez dago ados eta kanpoan bandera ez ipintzeko Legebiltzarrean ekimena aurkeztu du. Gaia premiaz jorratzeko eskatu du, gainera. “Botere banaketaren aurka egin du Auzitegi Gorenak, baita [EAEko] Estatutuaren aurkako 25. artikuluaren aurka ere, Legebiltzarrak baino ez dituelako hartu behar parlamentuko funtzionamenduari buruzko erabakiak”, dio EAk.
Honen arabera, “Espainiako banderak euskal gizartean zatiketa eragiten du”. Legebiltzar kanpoan ikurriñak baizik ez duela egon behar eskatu du, “horrek ordezkatzen dituelako euskal herritar denak”.
Legebiltzarreko Mahaiak lehengo astean onartu zuen Gorenaren aginduari men egitea. EAJ, EA, EB, PSE-EE eta PPko ordezkariak daude Mahaian eta EA izan zen erabakiaren aurka azaldu zen bakarra -Rafa Larreina da EAko ordezkaria Mahaian-.
Gorenaren arabera, Espainiako ikur horrek eraikinaren kanpoan beti egon beharko du, eta barruan, berriz, “leku nabarmenean”.
Eusko Legebiltzarrak orain arte ez du kanpoan banderarik izan. Bai, aldiz, barruan, harrera gelan: ikurriña, Espainiakoa eta Europakoa, modu iraunkorrean.
Hemendik aurrera kanpoan ere ipiniko ditu, baina ez du adierazi noiztik.
PDF: Ikusi PDFa
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: Eusko Alkartasuna/Berria