Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak tramitazioaren azken fasean bere taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei emandako aldeko botoa defendatu du, pozik euskal herritarrentzat aurrerapen sozial eta ekonomikoak ekarriko dituzten ekimenak onartzea lortu delako. Era berean,
legegintzaldiaren erdian, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta lortutako akordioak betetzeko garaia dela ohartarazi dio Espainiako Gobernuari. “Ez ezazu alferrik galdu jarritako konfiantza”, esan dio Gobernuari.
EH Bilduk Senatuan aurrekontuei emandako baiezko botoaren arrazoiak koalizioak PSOE-Podemos Gobernua errazteko izan zituen berdinak dira: “EH Bilduren konpromisoa da aurrera egitea gizarte gaietan politika aurrerakoiekin, eta nazio arloan erantzun demokratikoekin. Gai horietan aurrera egiteko borondatea eta aurrerapenak dauden bitartean, modu eraikitzailean lan egiten jarraituko dugu”. Horrela, Madrilgo gobernuak alderdi independentistek emandako konfiantzari erantzutea beharrezkoa dela azpimarratu du Bidegurenek.
Balantzaren alde positiboari dagokionez, 2022ko aurrekontuek aldarrikapen historikoak hartu dituztelako pozik agertu da Bideguren, “hala nola amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa sortzea; mugikortasunean edo kulturan eragiten duten eskaerak, ETB3 Nafarroako etxe guztietara zabaltzea euskara sustatu, babestu eta zabaltzeko; edo gizarte-aurrerapen garrantzitsua den gizarte-armarria legearen bidez iraunkor bihurtzeko konpromisoa,”.
Alde negatiboan berriz, kontuak ez direla EH Bilduk nahi dituenak aitortu du senatariak, argi dago, koalizioa ez dagoela Errege Etxearen partida edo erreserbatutako fondoekin ados. Era berean, aurrekontuek Europako funtsen kudeaketa egokia eta zergen eta lanaren arloko erreformak behar dituztela berretsi du, “desberdintasunetan eta errentaren birbanaketan eragiteko, eta eredu sozioekonomiko bidezkoago eta iraunkorragorantz urratsak emateko”.
Eskubide nazionalak Espainiako Gobernuak dituen zorraren arloan ere ageri dira. “Nazioen onarpenean eta erabakitzeko eskubidean ausardiaz eta erabakitasunez aurrera egiten ez den bitartean, ez da egonkortasunik ez guztion arteko etorkizunik egongo”, adierazi du Bidegurenek. “Euskal Herrian bake justu eta iraunkorrera lortzeaz eta salbuespeneko espetxe-politika behin betiko amaitzearen beharraz ere hitz egin” behar dela ere esan du senatariak.