Maiorga Ramirez.Gazte Abertzaleetako arduradun eta EAko Eskualde Batzorde Eragileko kidea
Filosofoei eman ohi zaizkien lanetako bat hauxe da: egunero erabiltzen diren zenbait esamolderen esanahia eta garrantzia argitzea. Askotan, esamolde horiek oihartzun handia dute, testuinguruz gaindikoa. Ezin konta ahala dira halakoak, eta, horregatik, gutako askori liluragarria zaigu filosofiaren arlo bat: eguneroko gure bizimoduari dagozkion gauza xehe soilei erreparatzeko eta aztertzeko duen gaitasuna.
Hala, eguneroko gauzei -baita eguneroko gauza politikoei ere- kontu egiteko jarrera hori gogoan izanik, harrigarria da nolako arinkeriaz eta hutsalkeriaz botatzen duten hainbat politikarik, apezpikuk, kazetarik eta solaskidek «konstituzioa, elkarrekin bizitzeko gakoa» leloa, nazionaliston aldarrikapenei kontra egiteko.
Erreferendumean bozkatu eta gero, tirabiraz beteriko garai historiko politiko batean onartu zuten Espainiako 1978ko Konstituzioa. Militarren mehatxua etengabea zen; batzuek nahiz besteek ekintza bortitzak egiten zituzten noiznahi; herritarrek beren indarra erakusten zuten, 40 urtean zapalkuntza kultural eta ideologikoa sufritu eta gero… Horren guztiaren eta askatasunaren fruitua hautsi-mautsia izan zen: Konstituzio eskas bat, Estatu dekadente, anakroniko eta totalitario bat berritzen ahalegintzeko.
Nolanahi ere, Konstituzioa arauen modernizatze oinarrizkoa izan zen, eta hauxe zuen gauzarik onena: Banakoen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren oinarriak ezartzea. Baziren 30 urte Nazio Batuek onartua zutela deklarazio hori, eta hura estatuan onartzea zen, hain zuzen ere, sasitik edo atzerritik erregimen frankistari aurre egiten ziotenen eskaera nagusietako bat.
Heriotza zigorra ezabatzea -ez, ordea, kode militarrean-, aniztasun ideologiko eta kulturala onartzea, gizarte eskubide funtsezkoak onartzea, eta ordezkariak aukeratzeko sistema demokratikoa ezartzea: horra hor adostasunik zabalena bildu zuten neurri berriak. Oinarri horiek ez zituzten auzitan jarri garai hartako politikariek -salbu orduko ultraeskuina, garai hartan inolako erreparorik eta mozorrorik gabe erakusten baitzituen hortzak-, eta ez dituzte auzitan jartzen oraingoek ere. Balio eta oinarri horiek, berez, modernoak dira, beharrezkoak, eta denok bakean bizi ahal izateko zimenduak dira.
Konstituzioak balio izan zuen ideia eta oinarri horiek ezartzeko, baina ez zituen konpondu Espainiako Estatuaren lurralde arazoak; izan ere, arazo horiek konpontzeko aukeraturiko abiapuntuak ez zuen inolako zerikusirik arestian aipaturiko balio eta oinarriekin. Alde batetik, demokrazia, biziaren errespetua, giza duintasuna eta askatasun ideologiko eta kulturala aipatzen dira -eta horretan denok gaude ados-; baina, bestetik, lurralde batasuna inposatzen da -armada da, gainera, horren zaindaria-, ez da modurik ematen ideologia guztien eskaerek bidea izan dezaten -izan zaitezke euskal nazionalista, baina ezin duzu autodeterminaziorik eskatu-, eta ez da onartzen Estatua bestela antolatzeko proposamenik. Horregatik eman zioten ezezkoa konstituzio hari hain talde zabalek; horregatik ematen diogu ezezkoa guk.
Azpimarratzekoa da, gainera, monarkia inposatu zela, monarkia hori frankismoaren ondorengoa zela eta frankismoak modu militarrean kendu ziola boterea Errepublikari, hau da, garai hartako sistema zilegizko eta demokrazian hautatuari. Baina hel diezaiogun berriro lurraldetasunari.
Moralgabe izatea leporatzen zaigu lehen bezala orain ere konstituzioa berritu beharra dagoela diogunei. Gure ustez, estatuaren lurralde egituran ere ezarri behar dira oinarri eta eskubide demokratikoak, baina hori aldezten dugunon sineste demokratikoak auzitan jartzen dituzte, nahiz eta beti koherentziaz jokatu dugun. Ospe bila dabiltzan politikari, apezpiku, solaskide eta intelektual horiek, modarekin bat eginik, konstituzioa goraipatzen ibiltzen dira, eta direnak eta ez direnak botatzen dituzte Konstituzioa lurraldetasunari eta erregimen monarkikoari dagokienez ez dela demokratikoa esaten dugunon kontra. Hori argudiatzeko, asmo gaiztoko sofismak erabiltzen dituzte, inolako erreparorik gabe: Konstituzioaren kontra dagoena oinarri demokratikoen eta askatasunaren kontra dagoela dioen sofisma, besteak beste.
Paradoxaz, akusazio larri horiek egiten dituztenetatik asko eta asko arrunt eroso bizi ziren askatasun eta eskubide oinarri ezinbestekoak indarrean ez zeudenean. Beste batzuetan, Konstituzioaren kontra jendaurrean aritutakoek leporatzen dizkigute horrelakoak: esate baterako, Aznar Espainiako presidenteak.
Baina, zalantzarik gabe, bizikidetzaren alde konstituzioari egiten zaion apologia da niretzat ulertzen zailena, eta horrexek bultzatu nau hau idaztera. «Konstituzioa da elkarrekin bizitzeko gakoa». Luze eta zabal idatz dezakegu, bizikidetza zer den eta zer ez den, baina begien bistakoa da gaur egun bizikidetza arazo handiak ditugula. Delinkuentziaren hazkundeak eraginiko segurtasun falta aparte utzirik, ez dago analista espezializatua izan beharrik ikusteko nolako gatazkan bizi garen: ehunka lagun mehatxupean eta bizkartzainarekin; kaleko indarkeria; gero eta frontismo zorrotzagoa, zeinak gutako asko iraindu eta kriminalizatu egiten baikaitu, gure ideiak aldezte hutsagatik. Hori guztia, jakina, Konstituzioa jaun eta jabe dela, «elkarrekin bizitzeko gakoa», alegia.
Bestelako Konstituzio bat, bizikidetza hobea izateko gakoa
Konstituzioetan, inolaz ere ezin baztertuzkoak dira banakoaren giza eskubideak -1978ko Konstituzioak ere babestu zituen-, ordezkariak modu demokratikoan aukeratzeko sistema eta herritarren oinarrizko askatasuna segurtatzeko bermea. Are gehiago: begien bistakoa da hori guztia edozein konstituzioren izaeraren gainetik dagoela; izan ere, normaltasun osoz onartzen dute Mendebaldeko Estatu guztietan -ez dute beti betetzen, ordea-, eta mendebaldeko modernitatearen oinarri bateratua da. Alde horretatik, ez da auzitan jartzen.
Hala eta guztiz, konstituzioa aldatu beharra dago: lurralde antolakuntzari dagokiona moldatu, eta autonomien Espainiaren porrotak ekarririko arazoak konpondu. Izan ere, batez ere gai horiek eragin dituzte oraingo bizikidetza arazoak. Hogeita bost urte igaro eta gero, nabarmena da 1978ko Konstituzioa ez dela egokia hasiera-hasieratik agertu ziren lurralde arazoak konpontzeko, eta etorkizunean ere konstituzio horrek iraun dezan tematzeak ondorio bakarra izango du: hainbat eta hainbat herritarren sufrimendua luzatzea. Beste ezer baino lehen, herritar horiek nahi dute ordezkariek arazoak konpon diezazkietela, fetixismorik eta intrantsigentziarik gabe. Erreformarako irizpideak hauxe izan behar luke: 1978ko Konstituzioaren oinarria kolektibitateari eta lurralde errealitateari zabaltzea, hau da, banakoen giza eskubide funtsezkoak taldeen giza eskubideekin osatzea
Lurralde antolakuntzak aldatzeko modukoa izan behar du, gehienek aldatzea erabakitzen badute; Estatuaren antolamenduak bere burua osatu behar du, bokazioz eta hautuz. Konstituzio berrian, herritarrek definitu behar dute Estatua, eta modua izan behar da Estatuaren bestelako eredu eta osaerak proposatzeko, kontuan izanik 1978ko Konstituzioak banakoen eskubideak ezin eztabaidatuzkoak jasoriko dituela -hain zuzen, horregatik onartu zuten lurralde definizioarekin ados ez zeuden hainbatek-.
Mundua, gizartea eta kontzientziak aurrera egiten ari dira, eta gaur egun ezin negoziatuzkoa da garai batean batzuek pertsonaren errespetua arautzearren ordaindu zuten prezioa. Garai hartan, gure balio funtsezkoekin tratukerian ibili ahal izan ziren militarrak, frankistak eta botere faktikoak, baina gaur egun ezin dute balio horiekin negoziatu lurralde batasun zaharkituaren truke… Ala bai? Del Burgok, Jimenez de Pargak eta enparauek, nolabait, aditzera eman dute: «Konstituzioa da elkarrekin bizitzeko gakoa, eta ez dago besterik». Zer esan nahi dute? Estatuaren egitura aldatuz gero arriskuan geratuko dela -edo etenik- giza eskubideetan bilduriko askatasun oinarrizkoa, akaso?
Konstituzioa aldatzea, beharrezkoa ez ezik, ezin saihestuzkoa ere bada. Eta, horregatik, maskara daramaten askok mozorroa galduko dute. Arazoa orain dela 25 urteko bera da, eta, zoritxarrez, arazoaren errudun nagusiak ere bai.
Jatorria: Maiorga Ramirez