Ikerne Badiolak Estrasburgoko Auzitegiaren epaia txalotu du. Aukera ezin hobea da, bere aburuz, Rajoyren Gobernuak euskal presoen kontrako salbuespenezko neurriak behin betiko bertan behera uzteko.
Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkaria bat dator Ines del Rio presoak Parot Doktrinaren kontra aurkeztu zuen helegiteari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako erantzunarekin. Izan ere, Auzitegiak Del Rio aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Badiolaren esanetan, “epaia sekulako golpea da espainiar Gobernuaren espetxe politikarako, ETAko presoen kontra salbuespenezko neurriak aplikatzen baititu, are onartezinagoak erakunde horrek jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman ostean”.
EAko buruzagiak adierazi duenez, “espainiar Gobernuak aukera ezin hobea du orain, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren harira, bere espetxe politika aldatzeko eta Europan aldarrikatzen diren Justizia irizpideei egokitzeko, bai eta eskuin muturreko sektoreak asetzearren erabiltzen dituen irizpide politikoak baztertzeko ere”.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA