Eusko Alkartasuna Bavarian egon da asteburuan, Europako Herrien autodeterminazioa aldarrikatzen duten 47 alderdien Biltzar Orokorrean

Kataluniako independentzia prozesua, Korsikako burujabetza aldarrikapena eta Brexit-aren testuinguruan, Aliantza Libre Europarra osatzen duten 47 alderdiak Bavariako Landshut hirian bildu dira, besteak beste 2019ko maiatzean izango diren hauteskundetako Manifestua adosteko. Bileraren ondorengo irakurketa politikoaren ildo batzuk hemen:

-Kataluniako prozesu demokratiko eta baketsuaren aurrean espainiar estatuak duen jarrera errepresiboa eta Europar Batasunaren erantzun ezak erakusten du oraingo Europa autodeterminazioaren aldeko mugimenduen eta politiken oso beldur dela. Berriro ere EBko erakundetako buruek nahiago izan dute estatukideen “interes nazionalak” lehenestea oinarrizko eskubide eta balioak defendatzea baino.

- ALEko kideok beste Europa nahi dugu, zeinak demokratikoki hautaturiko lider politikoak, ekinbide publiko garden eta zuzena izan dutenak, ez diren arbitrarioki kartzelaratuak izango. ALEk dei egiten die Europako indar demokratikoei preso politikoen askatasunaren alde ekin dezaten.
- ALEko kideok beste Europa nahi dugu, herri mailako GKE txikiek 1,2 milioi sinadura lortu behar ez ditzaten Europako aniztasun kultural eta linguistikoa babestea eskatzeko.
- ALEko kideok Herri guztion izenean eta interesetan arituko den Europa nahi dugu, ez soilik Estatu kideen mesedetara belaunikatuko dena.
- ALEko kideok eskoziarren edo galesdarren europar hiritartasuna errespetatzen duen Europa nahi dugu, ez Westminsterrek eskuduntzak kentzea onartzen duena.

Bestetik, Eusko Alkartasunak Siria eta Turkiako Kurduen aldeko mozioa aurkeztu zuen BNGArekin batera, eta aho batez onartua izan zen.

Aho batez ere, Gazte Abertzaleakek egindako Altsasuko gazteen inguruko mozioa.

Azkenik, Alkartasuna Fundazioak, “Bakearen Artisauak” aurkeztu zituen demokrazia, askatasuna, bakea, autodeterminazioa, Giza Eskubideak edota hizkuntz eskubideen alde 2016tik ematen diren “Coppieters sari”etarako. Lehen urtean Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak jaso zuen, eta iaz, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko lehendakari ohiak, egun kartzelaratua dagoena.

Lorena ALE mahaian
EFAY Altsasu
Coppieters