Laura Mintegik eta Juanjo Agirrezabalak aparteko lansaria ordaintzeko Jaurlaritzaren erabakia aintzat hartu dute, eta Legebiltzarrean ere soldata osorik, murrizketarik gabe, ordaintzearen alde egin dute.
Espainiar Estatuak ezarritako irizpideen kontra funtzionarioei abenduko lansaria ordaintzeko Jaurlaritzaren erabakia aintzat hartu du EH Bilduk. Laura Mintegik eta Juanjo Agirrezabalak, dena dela, “Jaurlaritzak duen erabakitzeko eta jokatzeko ahalmena” aldarrikatu dute, eta “duen ahalmen hori erabil dezala” eskatu diote Gobernuari, “Madriletik datozkigun inposaketa guztiei aurre egiteko, hala nola, Hezkuntzan eta Osasunean, eta ez bakarrik abenduko aparteko lansariari dagokionean”. Ildo horri jarraituz, EH Bilduk berdin jokatzea proposatuko du Legebiltzarrean, bertako langileei soldata oso-osorik ordaintze aldera.
EH Bilduko legebiltzar-bozeramaileak zein Eusko Legebiltzarreko lehenengo presidenteordeak nabarmendu dutenez, “ez gara Administrazioko langileen pribilegio batez ari, soldata osorik kobratzeko haien eskubideaz baizik; aparteko lansaria ez ordaintzea atzerapausoa litzateke dagozkien eskubideen aldetik”.
Mintegik eta Agirrezabalak, halaber, argitu dute “Eusko Jaurlaritzaren egoera legala eta Aldundiena zein Udalena oso ezberdinak” direla. Izan ere, “Jaurlaritzak lege-ahalmena dauka, Aldundiek eta Udalek ez bezala, eta horri esker Estatuko legediarekin talka egin dezaketen legezko neurriak bultza ditzake”.
Jatorria: EH BILDU